Elkarretaratzea egingo dute ostiralean Infernuan, "asteburuan Ertzaintzak izandako jarrera salatzeko"
Infernua Bizirik plataformak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, joan den asteburuan krisi psikotiko bat izan zuen pertsona artatzeko Ertzaintzak izan zuen ustezko jarrera oldarkorra salatzeko. 18:00etan elkartuko dira, Infernuan bertan, Auzokideek zaintzen naute, ez poliziak! lelopean.
Gertaera otsailaren 4an izan zen, larunbatean, 10:30ak aldera. Infernuko bizilagun batek brote psikotiko bat izan zuen, eta Ertzaintza bertaratu zen, “brote psikotikoa kontrolatu nahian”, azaldu du Infernua Bizirikek. “Anbulantzia etorri baino lehen, Ertzaintzaren hamar ibilgailu iritsi ziren etxe azpira, eta gorputz poliziala armaturik auzoan bortizki sartu zen”, salatu dute. Dirudienez, ertzainek armak eskutan zituzten, eta “leihoetara apuntatzen” egon ziren.
Bizilagunek diotenez, “brotearen aitzaikian”, auzotar guztiak banan-banan atera zituzten, “bultzaka”, eta “denak identifikatu zituzten”. “Ondoren, etxe guztiak miatu zituzten inongo baimen judizialik gabe”, azaldu dute. Era berean, nabarmendu dute auzotarrak “kolaboratzeko prest” zeudela ondoezik zegoen pertsona artatu zezaten, baina ertzainek “laguntza orori uko” egin zioten eta “oldarkor” sartu zirela gaitzetsi dute.
Poliziak brote psikotikoarekin zerikusirik ez duen “operazio ilegal” bat egin zuela salatu dute. “Gure ondoez egoerek arrazoi estrukturalak dituzte. Pertsona migranteak, okupak, zoroak eta gorputz ez normatiboak etengabe dira abusu polizialen eta psikiatrikoen objektu eta, hori kontuan izanda, larunbateko operazioarekin egoera okertu besterik ez dute egin. Argi utzi nahi dugu hau ez dela modua horrelako kasu bat artatzeko”, nabarmendu dute.
Bestalde, komunikabideen “errelato morbosoa” eta “sentsazionalista” gaitzetsi dute. “Gure auzokidea kriminalizatzeko helburuarekin, arma bat zeukala nabarmendu dute etengabe, arma hori inork ikusi ez duen arren. Gainera, guk inongo momentuan ez dugu gure bizilagunarekiko beldurrik sentitu”, azaldu dute.