Haur bati sexu erasoak egiteagatik ikertzen ari diren gizona kartzelan sartzeko eskatu dute
9 urteko haur batek, bere amak lagunduta, Donostiako etxebizitza batean sexu erasoak pairatu izana salatu zuen urtarrilaren 9an Ertzaintzaren komisarian, eta Efe albiste agentziaren informazioaren arabera, haurraren abokatuak ustezko erasotzailea kartzelan sartzeko eskatu du, berriz ere. Izan ere, sexu erasoak egitea leporatuta ikertzen ari diren gizonak ez du pasaportea entregatu, epaileak agindu zion moduan. Eferen arabera, haurraren osaba da ikertzen ari diren gizona.
Salaketaren arabera, haurrak bi urte zeramatzan ikertzen ari diren gizonaren sexu erasoak jasaten. Ama lanera joaten zenean, gizona adin txikikoa zaintzen gelditzen zen etxean, eta, ustez, une horiek baliatzen zituen sexu erasoak egiteko. Haurraren salaketaren arabera, azken erasoa 2022ko Gabon gauean gertatu zen, baina haurrak urtarrilaren 8an eman zion gertatutakoaren berri amari; gizonak mehatxatu egin zuela dio salaketak, amari zerbait kontatzen bazion kontsola puskatuko ziola esanez.
Akusazio partikularrak ustezko erasotzailea kartzelan sartzeko eskatu zuen, baina aske jarraitzen du, behin-behinean; pasaportea entregatzeko agindu zioten, ezin du Espainiako Estatutik atera eta hamabost egunean behin epaitegira joan behar da, urtarrilaren 10eko autoak dioenez. Ordea, pasaportea entregatu ez duenez, ikertua kooperatzen ari ez dela salatu du akusazioak, eta, horregatik, espetxera bidaltzeko eskatu du.
Auto horretan bertan, kasuaren epaile instruktoreak agindu zuen deklarazioa hartzeko gizonari zein haurrari. Era berean, epaitegiko lantalde psikosozialari eskatu zion sinesgarritasunari eta eragin psikologikoari buruzko txostena egiteko. Ordea, haurraren abokatuak hala eskatu bazuen ere, instruktoreak ez zuen azterketa forentserik agindu.
Ordutik, abokatuak gutxienez beste lau aldiz eskatu du azterketa forentse hori, eta, azkenean, urtarrilaren 30ean onartu egin zuen instruktoreak, baita azterketa agindu ere. Joan den astean, akusazioak salatu zuen haurrak 25 egun zeramatzala azterketa forentsearen zain, eta, azkenean, astelehenean egin zioten.
Ordea, Eferen arabera, forentseak esan zuen ezin zizkiola haurrari sexu transmisiozko infekzioen proba diagnostikoak egin, auzitegi klinikak ez dituelako test horiek egiteko baliabideak. Hori dela eta, abokatuak eskatu du instruktoreak agindu dezala frogak Euskal Osasun Zerbitzuaren edo “dagokion erakundearen” bitartez egiteko. Halaber, akusazioak salatu du haurra “zaurgarritasun egoeran” jarri duela egoera horrek guztiak, eta baita haren ama ere, ez baitute behar bezala artatu.