Koldo Mitxelena Kulturuneak webgune eta marka berritua aurkeztu ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunearen marka irudi eta webgune berria aurkeztu ditu gaur goizean. Irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, diseinu berriak islatzen du erakundeak kulturarekin, artearekin, dibulgazioarekin eta eztabaidarekin duen konpromisoa.
“Webgunea berritzearen helburua da Koldo Mitxelena Kulturunearen zerbitzuak gipuzkoar guztiei hurbiltzea eta askoz ere eskuragarriago egitea. Irudi berri honekin, gainera, publiko gazteago batengana hurbildu nahi dugu”, azaldu du Kultura diputatu Maria Jose Telleriak.
Ataria ZYLK enpresak berritu du, “esperientzia intuitiboa eta erabilerraza” eskaintzeko, “erabiltzaileekin interakzioa” bultzatuz. Webgune berriak bi zerbitzu integratzen ditu: Koldo Mitxelena Kulturunearena eta Liburutegiko katalogoarena.
Nabigazio argi eta eduki eguneratuarekin, erabiltzaileek erraz eskuratu ahal izango dute programa, ekitaldi eta erakusketei buruzko informazioa. Plataforma modernoa da, irisgarria, eta bisitariei aukera ematen die ekitaldien agendan, liburutegiko funts pertsonalen orrian eta herritarrekiko komunikazioa hobetzeko eskaintzen diren izapideetan erraz sartzeko.
Plataformak streaming bidezko material ugari ditu eskura, eta horiek eskuratzeko aukera ematen die erabiltzaileei edozein lekutatik eta edozein unetan. Ezaugarri horrek erakusten du zentroak konpromisoa hartu duela kultura Gipuzkoa osora eramateko, teknologiaren abantailak aprobetxatuz.