Turismo enogastronomikoa hobetzeko 2 milioi euro baino gehiago jasoko ditu udalak
Elikagaien lehen eta bigarren mailako ekoizleei, gastronomia jaialdiei, jatetxeei eta leku espezifikoei bisitak egitea aurreikusten du turismo enogastronomikoak. Alegia, produktu ugari barnebiltzen dituen eskaintza da: turismoa, kultura, paisaia, natura, osasuna, gastronomia eta ardoak.
Eskaintza hori hobetzeko, Donostiako Udalak Europako Next funtsetatik 2.120.000 euro jasoko ditu, “esperientzia enogastronomiko jasangarri eta berritzaileagoak eskaintze aldera”. Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, “jatea eta edatea bezalako plazerak Donostiako historiaren eta kulturaren parte dira”.
Donostiara etortzen direnek gero eta interes handiagoa dute produktuen jatorria, elaborazio prozesuak, arloko industriak eta abar ezagutzeko. “Gure gastronomia eta ardogintza ondarearen balioa areagotzen duten esperientziak eskaintzeko aukera dugu. Jatetxe jabeen eta ekoizleen arteko loturak finkatzea eta laguntza horien bitartez establezimenduak egokitzea da gure xedea, eskaintza hobetuz eta kontsumitzaile eta bisitariekiko harreman zuzena bultzatuz”, azaldu du Garmendiak. Ildo beretik, ondorengoa nabarmendu du Turismo zinegotzi Cristina Lagek: “Gure hiria gastronomiaren munduko lehen postuetan dago, eta abangoardiako gastronomiaren aldeko apustua egin du, betiere tradizioa eta tokiko produktuak aintzat hartuta”.