Askabidek eskatu du abortuaren aurkako protesten aurrean legea bete dadila
Abortuaren kontrakoek iragarri dute hilaren 22an hasiko direla berriz protestak egiten.

Askabide klinikako hiru bozeramaile Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur (hilak 8), eta eskatu dute abortuaren kontrako protestak kliniketatik gertu ez daitezela egin. Askabidekoek gogorarazi dute legeak debekatu egiten duela abortuak egiten dituzten zentroen aurrean protesta egitea, eta distantzia jakin batera egin behar direla zehazten duela (iazko apiriletik dago indarrean lege hori). Ordea, salatu dutenez, Donostiako eta Gasteizko kliniketan ez da hori bermatzen. Amaran dago Donostiako klinika, eta Gipuzkoan abortatzeko dagoen klinika bakarra da.
Nazioartean zabalduta dagoen 40 Dias por la Vida egitasmoko kideek eta Rezar No Es Delito plataformakoek egin dituzte azken urteotan abortuaren kontrako protestak; garizuman –kristautasunaren aldi liturgiko bat da, Aste Santuaren aurreko 40 egunetan ospatzen dena– eta irailean 40 egunez aritu izan dira errezatzen klinika parean hamabi orduz. Hain zuzen ere, hilaren 22an hasiko da garizuma, eta egitasmo horrek sare sozialetan iragarri du egun horretan abiatuko dutela hurrengo protestaldia. Hala ere, Askabidekoek ohartarazi dute hainbat mezu ikusi dituztela sare sozialetan, iradokitzen dutenak protestak egunero egingo dituztela.
Askabide klinika pribatua da, baina bozeramaileek nabarmendu dute Eusko Legebiltzarrak duela “legitimitatea emakumeen intimitatearen alde egiteko”, Osakidetzak bertara bideratzen dituelako emakumeak; beraz, zerbitzu publiko bat eskaintzen ari dira, hein batean.
Halaber, nabarmendu dute euren asmoa ez dela inoren adierazpen askatasuna murriztea: “Pertsona horien asmoa ez da iritzia ematea: helburu jakin batekin egiten dute”. Ildo beretik, gaineratu dute abortuaren kontrakoek ondo dakitela nola egin euren protestak, isilik errezatzen aritzen direnez, zaila delako frogatzea zer kalte egiten dioten emakumeei. Hain zuzen, esan dute horregatik dela garrantzitsua kliniketatik aldentzea; legea betetzea, alegia.
Ultraeskuina dago protesten atzean
Rezar No Es Delito plataformaren atzean ez daude soilik katolikoak, ultraeskuina dago. Hori agerian gelditu zen iazko apirilaren 2an, “prozesio” bat antolatu zutenean. Viva Cristo Rey leloa zuen gurutzeaz eta feminismoaren kontrako kartelez gain, jarrera erasokorrarekin gerturatu ziren Askabidera, eta mugimendu feministak antolatutako kontra protestan parte hartzen ari zirenekin tentsio uneak izan ziren.
“Prozesio” horretan Vox alderdi ultraeskuindarreko hainbat kidek hartu zuten parte, eta Hazte Oir, Enraizados eta Derecho a vivir elkarte ultraeskuindarrek abortuaren aurkako protesta horren aldeko mezuak zabaldu zituzten sareetan. Hedabide honek ultraeskuinak abortuaren aurkako protestetan duen parte hartzeari buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen maiatzean. Ultraeskuindarrek beste “prozesio” batera deitu zuten maiatzean bertan, baina mugimendu feministak ehunka lagun mobilizatu zituen, eta protesta gelditzea lortu zuten.