Bi eguneko egitaraua prestatu dute Egiako inauterietarako

Astebete eskas gelditzen da inauteriak iristeko, eta Egian gogoz daude, egitarau zabala prestatu baitu Egia Bizirik auzo elkarteak. Andaluziako Apirileko Feria izango da Egiako inauterietako gaia 2023an, eta, hain zuzen ere, feria horren estiloko etxola muntatuko dute Plaza Haundin.
Hilaren 17an (ostirala) hasiko dira inauteriak ospatzen. 18:00etan, etxola apaintzera deitu dituzte auzokideak, eta bakoitzak bere janaria eramanez gero, etxolan bertan afalduko ahalko da, 20:00etatik aurrera. 22:00etan, auzoko sortzaileentzako mikrofono irekia egongo da, eta, 01:00etan, etxolaren itxiera ekitaldia egingo dute.
Hurrengo egunerako (larunbata, 18), aldiz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan hasiko dira, Parte Zaharrekoen eta Egiakoen arteko herri kirolen desapiyua-rekin; Egiako Sare Herritarrak antolatu du desapiyua, besteak beste Añorgan, Intxaurrondon eta Antiguan antolatu dituzten egitasmoen antzera.
Ondoren, 13:00etan, Egiako Aitor Ikastola eta Salai konpartsen azken dantza izango da, eta jarraian Denak etxera herri argazkia egingo dute. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute (txartelak Koskorrio, Basarri eta Kata tabernetan erosi daitezke, hilaren 12ra arte). Arratsaldean, etxolaren desmuntatzea hasiko dute 17:30ean, eta Distopia elektro txaranga auzoko kaleetatik, 18:00etatik 20:00etara.