Hiru ibilaldi gidatu egingo dituzte Artikutzan otsailean

Donostiako Udaleko Ingurumen sailak ibilaldi gidatuak antolatu ohi ditu hilero Artikutzan, eta dagoeneko iragarri ditu otsailekoak. Hilaren 12an, 19an eta 26an izango dira, eta dagoeneko izena eman daiteke (2,09-3,14 euro), udalaren webgunean. Hiru ibilaldietako azalpenak elebitan emango dituzte, eta 09:00etan hasiko dira.
Igande honetan izango da lehenengoa, hilaren 12an, eta Artikutzako auzoa eta Ugaldeko presa bisitatuko dituzte. Artikutzatik abiatuta, ibaia jarraituko dute, eta garai batean Donostia urez hornitzeko erabiltzen zituzten hainbat instalazio bisitatuko dituzte. Ugaldeko presara iristean, ibaia gurutzatuko dute, eta beste ertzetik itzuliko dira abiapuntura. Sei kilometro inguruko ibilaldi erraza izango da.
Hilaren 19ko irteeran, Elutsa eta Erroiarri eremuak bisitatuko dituzte, besteak beste. Eskasetik abiatuko dira, Napar bidea jarraituta, Elutsako lepora iristeko. Bidean, harrespilak eta historiaurreko aztarnak ikusiko dituzte, eta Elutsako lepoan hamaiketakoa egingo dute. Eskasera bueltatzeko, maldan behera abiatuko dira, Elizmendiko bide nagusira heldu arte. Horrela, Erroiarriko ur-jauzia ikusiko dute, baita egurrezko bi zubitxo zeharkatu ere. Bederatzi bat kilometroko txangoa izango da, zailtasun ertainekoa.
Otsaileko azken txangoa, hilaren 26koa, burdinolen bidearena izango da. Arriurdiñetako harrobitik abiatuta, Elamako burdinola eta baserria dauden eremuraino jaitsiko dira, eta ibaia jarraituz, Goizarinera iritsiko dira. Handik, pagadi batetik igoz, abiapuntura itzuliko dira. Zortzi bat kilometroko ibilaldia izango da, zailtasun ertainekoa.