Ingurumen datuak azaltzen dituzten informazio pantailak jarri dituzte kiroldegietan

Udal kiroldegietan jarritako informazio pantailak hainbat kirol gunetako ingurumen informazioa denbora errealean eskaintzen hasi dira. Zehazki, une bakoitzean ikus daitezke igerilekuen eremuko giro tenperaturaren datuak, baita igerileku bakoitzaren uraren tenperatura zehatza ere. Espazio horietako hezetasun erlatiboaren eta CO2 metaketaren datuak ere ikus daitezke.
Igerilekuen araudiaren arabera, uraren tenperaturak 24ºC eta 28ºC artekoa izan behar du, eta 30ºC-ra iritsi ahal izango da txaplata egiteko edo hastapeneko igerilekuetako ontzietan. Ildo horretan, Donostia Kirolak ezarrita dauka 25 metroko igerileku guztietako tenperatura ez dela 27ºC-tik jaitsiko, eta gehienezko mugara (30ºC-ra) iritsiko dela hastapeneko igerileku guztietan, Paco Yoldi igerilekuko 25 metrokoa barne.
Gainera, gimnasioetako eta ziklo indoorreko aretoetako tenperaturari, hezetasunari eta CO2ari buruzko datuak ere eskura daitezke.
Egitasmo hori Donostia Kirolaren ingurumen estrategiaren parte da. “Estrategia horrek, azken urteotan, energia kontsumoak nabarmen murriztea lortu du, eta, batez ere, atmosferara isuritako CO2ak, duela zortzi urte baino %65 gutxiago”, azaldu du Donostia Kirolak ohar baten bidez.
Bigarren fasean, ingurumen datu horiek donostiakirola.eus webgunetik ere ikusi ahal izango dira denbora errealean.