Kalapiek dio udalak ez duela 2023rako bizikleta erabiltzaileentzako mugikortasun proiekturik aurreikusi

Donostiako Udalak bizikleta bidezko mugikortasunean 2022rako aurreikusita zituen proiektuen balorazioa egin du Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak. 2022ko udal aurrekontuetan hainbat proiektu zeuden aurreikusita, eta horietako batzuk herritarrek aurrekontu parte hartzaileen bidez aukeratu zituztela gogorarazi dute.
Kontxako pasealekuko bidegorriaren zabaltzea, San Martin kaleko bidegorri zati berria eta Antiguako bidegorrien konponketak dira udalak 2022an egin dituen proiektuak. “Horrela ere, badira egin ez dituzten beste proiektu batzuk: Txomiñeneko ibai parkearen eta 27 Industrialdeko biribilgunearen arteko lotura, Frantzia pasealekuko bidegorriaren konponketa, Gernikako Arbola pasealekuko bidegorriaren konponketa eta zehaztua ez dagoen bidegorri zenbait hobetzeko diru saila. Egin ez izanaren arrazoia ez dugu ezagutzen”, azaldu du Kalapiek.
Kezkatuta daude 2022rako aurreikusi eta egin ez diren proiektuak “ahaztuta” gelditu daitezkeelako, eta udalak “diru hori” beste kontu batzuetarako erabil dezakeelako: “Gure kezka areagotu da jakitean 2023ko udal aurrekontuetan ez dagoela bizikleta bidezko mugikortasunerako diru sailik. Ez eraikuntzarako, ezta mantentze lanetarako ere. Ez Mugikortasun Sailean, ez Hiri Mantentze Sailean. Beraz, zero euro bideratuko dira aurten bidegorrietara”.