Maskara dagoeneko ez da derrigorrezkoa garraio publikoan
Optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan ere dagoeneko ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, bada orain arte indarrean egoten jarraitu duen neurri bat: espazio jakin batzuetan maskara erabiltzeko derrigortasunarena. Ordea, neurri hori bertan behera gelditu da dagoeneko, eta gaurtik aurrera (hilak 8), dagoeneko ez da maskara erabili beharko garraio publikoan, optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan. Hala erabaki du Espainiako Gobernuak; Ministroen Kontseiluak asteartean sinatu zuen agindua, eta gaur sartu da indarrean.
Horrela, dagoeneko herritarrak maskararik gabe ikus daitezke Donostian; bai Dbusen lineetan, bai topoan, bai Lurraldebus lineetan eta baita edozein garraio publikotan ere. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi zuen egoera epidemiologikoa “oso egonkorra” dela, eta horregatik hartu dutela erabakia. Hala ere, garraio publikoan maskara erabiltzen jarraitzea gomendatzen die Espainiako Gobernuak osasun egoera zaurgarria duten pertsonei eta arnas sistemari eragiten dion gaitzen baten sintomak dituztenei; hau da, katarroaren, gripearen COVID-19aren edo halako gaitzen baten sintomak dituztenei.
Hala ere, beste espazio batzuetan derrigorrezkoa izaten jarraitzen du maskararen erabilerak: ospitaleetan, anbulatorioetan, farmazietan, zahar etxeetan, hortz kliniketan, klinika fisioterapeutetan, estetika zentroetan, eta, oro har, osasun zentro eta zentro soziosanitario guztietan.
Pandemia hasi eta ia urte urtera kendu dute garraio publikoan maskara erabiltzeko derrigortasuna. Hain zuzen ere, 2020ko maiatzaren 4tik derrigorrezkoa zen garraio publikoan maskara erabiltzea.