Alderdi Ederreko lorategiak ureztatzeko sistema automatiko bat jartzen hasi dira
Aste honetan hasi dira jartzen Alderdi Ederreko lorategien erdiak automatikoki ureztatzeko sistema. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, lanek gutxi gorabehera bi asteko iraupena eta 23.000 euroko kostua izango dute.
“Uraren Ninfa iturriaren ingurua eta lehoien eskultura ureztatze automatikorik gabe zeuden, eta, beraz, ureztapena Alderdi Eder osora iristeko beharrezkoak diren hodiak eta sistemak jartzen ari dira”, azaldu du Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak.
Hainbat hobekuntza ere egingo dituzte. Lorategietako bi pergoletako bat inbaditu duen landarea kenduko dute. Gainera, udaberriari eta udari begira “erakargarriak” izango diren lorategiak eta parterreak txukunduko dituzte.