Gaueko aisialdi eremu pribatuetan sexu erasoen aurkako protokolo bat ezartzea proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk eskaera formal bat erregistratu du Donostiako Udalak gaueko aisialdi eremu pribatuetan sexu erasoen aurkako protokolo integral bat ezar dezan. Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak udaletxeko prentsa aretoan eman ditu eskaeraren xehetasunak.
“Jai giroan eta aisialdi eremuetan emakumeen kontrako eraso matxista ugari egiten dira. Indarkeria matxistaren inguruan azkenaldian publiko egin diren Donostiari buruzko datuak oso kezkagarriak dira eta erakunde publikoen, eragile sozialen eta herritar guztien jarrera aktiboa eskatzen dute”, adierazi du Carrerek.
Gaueko aisialdiari dagokionez, hainbat hirietan sexu erasoen aurkako protokolo bat indarrean dutela nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak: “Protokolo horren ondorioz, gaur egun Bartzelonako diskoteka eta abarreko langileak prestatuta daude eraso baten aurrean azkar eta eraginkortasunez erantzuteko, azkenaldian ikusi ahal izan dugun bezala prentsan agertu den kasu zehatz batean. Prestakuntza horrek biktimei arreta egokia eskaintzea ziurtatzen du”.
Eraso sexistei modu eraginkorrean aurre egiteko, erakundeek iniziatiba hartu behar dutela uste du EH Bilduk, eta, kasu honetan, arduraduna Donostiako Udala dela gaineratu dute. “Beraz, uste dugu Donostian ere beste urrats bat eman daitekeela ostalaritzan eta aisialdian gauzatzen den sexu indarkeriaren aurkako borrokan. Aste Nagusian izaten diren emakumeen kontrako erasoen kopurua ikusita, azken urteotan udal gobernuari eskatu diogu jaien antolakuntzan dabiltzan eragileekin lankidetza areagotzeko (adibidez, Donostiako Piratekin), eta erasoak saihesteko eta biktimei laguntzeko baliabide gehiago jartzeko”, azaldu du Carrerek.
Aurrerapausoak eman direla aitortu du zinegotziak, eta lankidetza horretan asko hobetu dela: “Are gehiago, azken urte honetan lortu da Gipuzkoako Ostalaritzako Elkarteak gutun bat bidaltzea bere bazkideei, eraso matxistak saihesteko ahaleginak areagotzeko eskatuz”.
Horrela ere, udalak “asko gehiago” egin dezakeela eta egin behar duela nabarmendu du Carrerek. Horregatik, protokolo integral bat sortzea proposatu du: “Horrelako erasoak daudenean, esku-hartzen duten eragile guztien koordinazioa bermatu beharko luke protokoloak: Udaltzaingoa, Ertzaintza, osasun langileak, epaileak eta gainerakoak. Gainera, ostalaritzako langileen prestakuntza ere aurreikusi beharko litzateke, eta urte osoan egongo litzateke aktibo, udako kanpainetatik eta hiriko jaietatik harago”.