Gipuzkoako 36 herritan ikusgai egongo da 'Elbira' dokumentala
Abenduko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, foru aldundiak udaletara zabaldu du Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzaleari buruzko ikus-entzunezkoa
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko dokumental fikzionatua herriz herri estreinatuko da datozen asteetan. Guztira, lurraldeko 36 herritan ikusgai egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana. Hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen filma da Elbira.
Kursaaleko auditorioan abenduaren 26an estreinatu zen lana, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean, 1.500 pertsonen aurrean. Ikusleen aldetik izan zuen harrera ona eta arrakasta handia ikusirik, Foru Aldundiak udaletara zabaldu du ikus-entzunezkoaren eskaintza.
36 herrik interesa agertu dute filmaren emanaldiak antolatzeko: Aduna, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Beasain, Deba, Elgoibar, Eskoriatza, Ezkio Itsaso, Hondarribia, Irura, Itsasondo, Lazkao, Mendaro, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Ormaiztegi, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zestoa, Zumaia eta Zumarraga. Otsaila eta martxoa bitartean izango dira emanaldi gehienak aipatutako herrietan, eta bakoitzari buruzko informazioa helaraziko dute udalek kultur gidetan edota udal webgunetan.