Infernua "etxe" bihurtu daiteke
Egiari Zor Fundazioak eta Mikel Zabalza Herri Ekimenak antolatuta, Aieteko La Cumbre jauregiari buruzko mahai ingurua egin zuten asteazkenean Okendo Kultur Etxean. Nazioarteko irakaspenak izan zituzten hizpide, Portugalgo, Irlandako eta Argentinako ereduen bidez.
Aieteko La Cumbre jauregia infernua izan da urte luzez, gaizkiaren etxea: Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francisco Franco diktadorearen udako egonaldietan, Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen eta han torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik.
Horregatik, frankismoaren eta torturaren sinbolo ilun bat da La Cumbre, baina hori aldatzeko pausoak ematen hasiak dira. Izan ere, Memoria Demokratikoaren Legearen negozioen testuinguruan, EH Bilduk akordioa lortu zuen Espainiako Gobernuarekin, La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) memoria historikoa lantzeko erabiltzea, koalizio subiranistak legea babestearen truk. La Cumbreren kasuan, asko jota, urrian pasatu behar da Donostiako Udalaren eskuetara, eta bertan memoria gune bat sortu behar da.
Antzeko esperientziak daude nazioartean, zailtasun eta oztopo guztien gainetik, hainbat herrialdetako diktaduren edo gatazken gune sinbolikoak biktimen memoria gune bihurtu baitituzte. Bidea egiteko, beharrezkoak dira ereduak, eta hiru ereduren nondik norakoak azaldu zituzten asteazkenean Okendo Kultur Etxean: Portugalgo bat, Irlandako bat eta Argentinako bat. Pilar Garaialdek moderatu zuen mahai ingurua, Triple A talde ultraeskuindarrak hildako Pablo Garaialderen alabak, eta estatuaren biktimek “erreparaziorako espazioak” behar dituztela nabarmendu zuen, baita La Cumbre “memoria espazio batean bihurtu” behar dela aldarrikatu ere. Horretarako, udalaren eta Gogoraren parte hartzea “beharrezkoa” dela nabarmendu zuen, baina baita “elkarte memorialistena” ere. Hizlariak entzuten, herritar ugariz, EH Bilduko hainbat ordezkariz eta herri eragile ugaritako hainbat kidez gain, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro zegoen.
Portugal: diktaduraren sinbolo bat memoriaren sinbolo
Domingos Abrantes portugaldarrak (alderdi komunistako kide beteranoa, borrokalari antifaxista eta hainbat urtez preso egondakoa) Penicheko gotorlekuaren kasua azaldu zuen. Antonio de Oliveira Salazar diktadorearen garaian kartzela gisa erabili zen gotorleku hori (2.000 pertsonatik gora pasatu ziren handik), eta diktaduraren sinbolo handi bat izan zen. 2019tik, ordea, memoria gune bat da: Erresistentziaren eta Askatasunaren Museoa (Museu Nacional Resistencia e Liberdade).
Abrantesek nabarmendu zuen “erresistentziaren museo bat” dela, “askatasuna erresistentziari esker lortu zelako”. Hain zuzen ere, herritarrek erresistentzia hori ezagutzearen garrantzia nabarmendu zuen; bereziki, gazteek ezagutzea: “Gaur egungo belaunaldi asko askatasunean jaio dira, baina ez dakite askatasun hori sakrifizio askori esker lortu zela; faxismoa zer izan zen jakin behar dute, errepikatu ez dadin. Ez dugu ahaztu behar zer izan zen faxismoa, eta biktimei ahotsa eman behar diegu”. Ildo horretatik, gaur egungo “faxismoaren zurikeriari” aurre egiteko tresnatzat ere aurkeztu zuen memoria historikoa.
Museoaren lehenengo fasea bukatuta dago, baina bigarrena garatzen ari dira orain. Eremu handia da Penicheko gotorlekua, eta erabat bukatuta dagoenean, hainbat gune izango ditu, Abrantesek azaldu zuenez: diktadurak eraildakoen omenezko erakusketa iraunkorra, aldi baterako beste erakusketa batzuk, faxismoaren izaerari buruzko parte bat, poliziaren inpunitateari buruzko beste bat, kolonialismoaren aurkako borrokari buruzko beste bat eta Krabelinen Iraultzari buruzko beste bat, besteak beste. Nabarmendu zuenez, eremua ahalik eta gutxien aldatu dute, “harriek han egondako presoen historia kontatzen dutelako”. Gaineratu zuenez, “faxismoaren aurkako borrokan, memoria lantzea beharrezkoa da, inork ezin dezan esan ez zekiela zer gertatu zen”.
Bidea, ordea, ez da erraza izan. Azaldu zuenez, diktadura erori eta berehala, 1976an, gotorlekua memoria gune bihurtzeko batzorde bat sortu zen Peniche hirian, baina udala komunisten eskuetan egotetik sozialisten eskuetan egotera pasatu zen, eta batzordea desegin zuten sozialistek. Hurrengo 30 urteetan, gotorlekuari erabilera turistikoa eman zioten. Duela urte gutxi, eremua saltzera zihoan udala, baina horren aurkako plataforma sortu zen, eta gotorlekua estatuaren eskuetara pasatzea lortu zuten, bertan memoria historikoa landu zedin.
Halaber, Portugalen eta Espainiako Estatuaren arteko desberdintasun garrantzitsu bat nabarmendu zuen Abrantesek, La Cumbre memoria gune bilakatzeko egon daitezkeen oztopoekin zerikusi handia izan dezakeena: Portugalen, Krabelinen Iraultzaren bidez lortu zuten diktadura faxistarekin bukatzea; Espainiako Estatuan, aldiz, Franco hil zenean bukatu zen diktadura, eta ez zen depuraziorik izan botere espazioetan. Ildo horretatik, beste desberdintasun garrantzitsu bat aipatu zuen mahai inguruaren bukaeran entzuleen artean zegoen Iñaki Egaña historialariak: “Portugalen, poliziaren kuartelak eta halako espazioak hartu zituzten matxinoek, eta dokumentuak gorde zituzten; dokumentazio horretan oinarrituta, memoria guneak sortu dira. Hemen, aldiz, dokumentazio ugari suntsitu dute poliziek, militarrek, eta abar. Gainera, dokumentu ugari oraindik klasifikatuta daude eta ezin dira kontsultatu. Beraz, oztopo handi bat izango dugu hemen zentzu horretan”.
Irlanda: kontaketa erdigunean
Irlandaren kasuan, Bloody Sunday (Igande Odoltsua) izeneko sarraskiaren harira sortutako The Museum of Free Derry (Derry Askearen Museoa) izan zuten hizpide mahai inguruan, Bloody Sunday Trust plataformako kide Maeve McLaughlinen eskutik. 1972an gertatu zen sarraski hori, Derry hirian egiten ari ziren protesta baten testuinguruan, soldadu britainiarrek herritar ugariren aurka tiro egin zutenean; hamalau lagun hil zituzten soldaduek. Hain zuzen ere, erailketa horietako batzuk gertatu ziren lekuan dago aipatu museoa; oraindik bala zuloak daude.
Gunearen helburua argi azaldu zuen McLaughlinek: “Gertatutakoa gogoratzea, errepikatu ez dadin”. Horretarako, biktimak jarri dituzte erdigunean: “Historia biktimen ikuspegitik kontatzen da, eta, hain zuzen ere, biktimen senide batzuk dira museoko langileak; bisitariek euren ahotik entzuten dute Bloody Sundayn gertatutakoa”. Kontaketan jarri dute fokua museokoek: “Istorio gatazkatsua kontatzen da, ez gatazkaren kontakizun tradizionala”.
Izan ere, Bloody Sunday Trust plataformak garrantzia handia eman dio beti gatazkaren kontaketari, eta, bere garaian, “lidergoz eta arriskatuz”, lortu zuten David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro ohiak publikoki aitortzea Derryko hilketak “justifikaezinak” izan zirela.
Museoak “aldaketarako, aktibismorako, hezkuntzarako eta elkarrizketarako gune” izan nahi duela nabarmendu zuen McLaughlinek, eta, horretarako, “kontaketarekin fidel” izan behar dela nabarmendu zuen, “polemikoa bada ere”. “Egia ezagutzea oso garrantzitsua da”, gaineratu zuen, eta hausnarketarako ematen duen ideia bat mahai gaineratu zuen: “Ez dago bake maila onargarri bat, bakearen alde etengabe borrokatu behar da”.
Argentina: gizarte zibilaren inplikazioaren garrantzia
Memoria gune ugari daude Argentinan, askotarikoak, baina bereziki, Rosarioko Memoria Museoa izan zuen hizpide Santi Bereciartua Argentinako Giza Eskubideen Idazkaritzako kide eta Maiatzeko Plazako Amonak plataformaren ordezkariak; herrialdeko memoria historikoa lantzeko garaian, gizarte zibilaren inplikazioa “ezinbestekoa” izan dela nabarmendu zuen. Museoa 1998tik dago irekita, Jorge Rafael Videla diktadorearen garaian armadak herritarren desagerpenak planeatzeko erabiltzen zuen eraikin batean. 3.500 liburutik gora dituen liburutegi bat dauka, ikus-entzunezko gune bat eta gune dokumental bat, biktimen testigantzen idazkiekin, sententzien kopiekin, grabaketekin, eta abarrekin, nahi duenak kontsultatu ahal izateko.
Azaldu zuenez, museo horren helburua da diktaduran gertatutako “genozidioaren” memoria eta ezagutza sustatzea, baina baita Latinoamerikan gertatutako beste genozidio batzuena ere. Argentinan badaude biktimen sufrimendua agerian uzten duten memoria zentro batzuk, baina Rosariokoa desberdina da: “Iraganean pentsatzen dugu, baina etorkizunera begira”. Hori arrazoi argi batengatik da: “Memoria espazio bat ez da ezer mezu bat gabe; ondo jakin behar da zer mezu transmititu nahi dugun eta nori transmititu nahi diogun. Rosariokoaren kasuan, gazteentzako mezu bat transmititu nahi dugu, gertatutakoaren ezagutzarena eta ez errepikatzeko bermearena”.
Hain zuzen ere, museoa gazteei gerturatu nahian, inauguraziora begira, hiriko hainbat artistarekin hitz egin zuten, museoaren gaiarekin bat eginez, euren erakusketak han jartzeko. Hiriko auzo zaurgarrienetako hainbat gazterekin ere bildu ziren, estatuaren indarkeria gehien pairatzen duten auzoetakoak, memoriaren arloan formakuntza emateko eta gazteek euren auzokideekin estatuaren indarkeriak egindakoa partekatzeko.
Hala ere, nabarmendu zuen biktimak “erdigunean” daudela: “Ez dugu galdetzen biktima horrek zer egin zuen biktima izatera heltzeko”. Ildo horretatik, Argentinan kontaketa “irabazi” dutela nabarmendu zuen: “‘Zerbait egingo zuen’-aren kontaketa eta ‘bi demonioena’ gainditu dugu. Izan ere, ezin dira maila berean jarri estatu baten indarkeria eta erresistentziarena”. Horrela, estatuaren aitortzaren garrantzia aipatu zuen: “Nahiz eta egun estatua kudeatzen duten politikariek ordukoekin zerikusirik ez izan, garrantzitsua da politikari horiek estatuaren izenean egindakoa aitortzea, berandu egiten badute ere”. Ildo beretik, nabarmendu zuen memoria zentroak erregulatzen dituzten legeak dituztela Argentinan, eta horrek gauzak errazten dituela.
Kontaketa irabazita izanda ere, “beti agertzen da genozidioa ukatzen duen norbait”, aitortu zuen Bereciartuak: “Berriki, Mauricio Macriren alderdia baino eskuindarragoa den alderdi bat agertu da Argentinan, eta bere burua genozidioa ukatzen hasi zen. Eta gazteak, gertatutakoa ezagutzen ez dutenak, hori entzuten hasi ziren. Gu horri nola aurre egin pentsatzen ari ginela, Argentina, 1985 filma agertu zen (Santiago Mitre, 2022), denok errespetatzen dugun Ricardo Darinekin. Eta, gazteek gertatutakoa ezagutu zuten, artearen bidetik; dagoeneko ez zen aita bere istorioak kontatzen”.
Ildo horretatik, “garaipenak gutxien espero duzunean” ematen direla esan zuen Bereciartuak: “Oztopoak beti daude, baina justua dena eskatu behar da beti, koiuntura politiko jakin baten zain egon gabe; Maiatzeko plazako amonak diktadura bete-betean hasi ziren protestatzen, eta ezin zen koiuntura okerragorik egon”. Horregatik, hain zuzen ere, “gizarte zibilaren inplikazioa ezinbestekoa da”.
“La Cumbre gure etxea izatea”
Mahai ingurua bukatzean, itxaropenaren sentipena zegoen aretoan, eta Joxean Lasaren arreba Axun Lasak hartu zuen hitza: “La Cumbreren izena entzutean, dardarka hasten naiz, baina izugarri gustatuko litzaidake La Cumbrek duen esanahia aldatzea lortzea, gure etxea izatea, barre zein negar egin dezakegun espazio bat izatea. Hitz egin duten kideak entzunda, uste dut egunen batean gai izango naizela hara gerturatzeko”. Eta, gazteengan jarri zuen fokua: “Estatuaren biktimok ez dugu etxerik izan, eta egia osoa ezagutu ahalko den espazio bat behar dugu, deserosoa dena barne. Batez ere, gazteei begira, gertatutakoa ezagutu dezaten eta errepikatu ez dadin”. Hain zuzen, nazioarteko hiru ereduetan, pedagogia lan handia egiten dute, eta ikastetxe ugaritako haurrak eta gazteak joaten dira.
Zaila izango da eta bidean oztopoak egongo dira, baina nazioarteko irakaspenek erakusten dute oztopoak gainditu daitezkeela eta biktimak erdigunean dituzten memoria guneak sortu daitezkeela. Horretarako, mahai inguruan azaleratu zen moduan, garrantzitsua da biktimak kontuan izatea, kontaketarekin fidelak izatea, kontaketa horren eta bakearen alde etengabe borrokatzea eta eragile memorialistak, gizarte zibila eta erakunde publikoak elkarlanean aritzea.
Gatazka bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta nazioarteko esperientziak ezin dira euren osotasunean estrapolatu, baina esperientzia guztiek ideia bat dute komunean: gertatutakoa gogoratu eta ezagutarazi behar da, errepikatu ez dadin. Hori da lan ildoa, eta Portugalen, Irlandan eta Argentinan lortu bada, Donostian ere lortu daiteke.