Basoa eta mundua

Knock at the cabin
Zuzendaria: M. Night Shyamalan.
Urtea: 2023.
Herrialdea: AEB.
Magia ikuskizun batera goazenean, oholtzan dagoen horrek harritu gaitzan prest gaude. Badakigu gertatuko denak zur eta lur utziko gaituela, baina nola edo hala, gertatzen denean ezin sinistuta gelditzen gara. Ez da M. Night Shyamalanen filma ikustera joateren esperientzia oso bestelakoa. Jatorri indiarreko zuzendari estatubatuarrak estilo berdineko pelikulak plazaratzen ditu beti, honako osagaiekin: gure mundu ikuskera estandarrean fantastikotik edo paranormaletik datozen hausturak izango dira giltzarria, terrorea kasik heltzen duen intrigazko kontaketa bitartez; zuzendariaren kameraren presentzia etengabea izango da, eta istorioko argumentuaren twist bortitzek ikuslea tentsioz beteta egon dadin baliatzen dute (sarritan gidoi bira hauek pelikularen azken uneetan ematen dira). Edonola, marko zabal honetako ur hauetan era emankor eta gustagarrian egin daiteke igeri, eta zuzendariak normalean lortu egiten du osagaiokin artefaktu berriak eraikitzea. Hala, nolakoa da Unbreakable, Lady in the water edo Old bezalako filmen eta hizpide dugun Knock at the Cabin-en arteko erlazioa? Bada, normalean egiten dituenak baino pelikula txikiagoa da, ia bere osotasunean lokalizazio bakarrean grabatua eta zazpi aktore soilik baliatzen dituena, baina The Sixth Sense edo The Village-en egilearen zigilua oso nabarmena da, eta horrek balio eta koherentzia ematen dio, ezbairik gabe, filmari.
Knock at the Cabin-en sinopsia egitea biziki zaila da, ikusi ez duenari pelikula izorratzeko arriskua hor dagoelako, hau ere zuzendariaren filmen ohiko sintoma izaten da. Muga gaitezen zero puntua deskribatzera: basoaren erdian den etxola batetan oporrak igarotzen ari da bi gizonek osatzen duten bikotea, jatorri asiarra duen bere alabarekin. Eta bat-batean, lau pertsona azalduko dira, familia bahitu eta lotu egingo dute eta dilema ezinezkoa planteatuko dute, nolabait xehe adieraztearren, apokalipsia ekiditeko helburuarekin. Gidoia, ohi bezala, Shyamalan berarena da, kasu honetan Paul Trembleyen jatorrizko eleberrian oinarritzen bada ere.
Bada, pentsa genezake istorioak ez duela, bere planteamenduan, ezer berritzailerik gehitzen, nolabait etxe-inbasioen generoko bat gehiago izan liteke (Michael Hanekeren Funny Games-en zutabe horren oinarrietatik), ondorengo kutsu paranormala gainezarrita. Baina ñabardura batzuk egitea komeni da. Kasu honetan zero puntuaz ari garenean, literalki hala dela esan genezake. Ez dago ohiko familiaren ezagutzerik, biktima izango diren pertsonaia protagonistekin identifikazio prozesua egiteko prestatze eszenarik. Pelikularen nolabaiteko hitzaurrea da Dave Bautistak haragitzen duen pertsonaia (zoragarria bere handitasun gihartsuan gordetzen duen samurtasuna, eta aldi berean, egingo duenaren gordintasuna) neska txikiarengana gerturatzen. Estanpak nolabaiteko bukolikotasuna dauka, neskatila matxinsaltoak bere kristalezko ontzian gordetzen. Edonola, gizona heltzean plano-kontraplano elkarrizketa hasiko da, baina ez nolanahikoa: kamera pertsonaien aurpegian bertan jarriko da, hizketan ari denaren aurpegiak eremu guztia hartzen duela, close-up bortitza planteatuz. Eta hau gutxi balitz, planoaren oreka desitxuratuz joango da, elkarrizketa bukatzen denerako eremua hartzen duten aurpegi horiek erabat okertuta egongo dira irudian. Ordurako tentsioak eztanda egin du guregan, eta prest gaude pelikulak planteatuko digun bidaia anker eta desitxuratu honetan murgiltzeko.
Izan ere, Shyamalani aitortu behar zaion lehen gauza da pelikulari erritmo bizi eta zirraragarria ezartzen badakiela. Gertakariak era zuzenean dosifikatuko zaizkigu kontatzen zaigunaren tamaina uler dezagun eta pertsonaien garapen psikologikoa ere barneratzen joan gaitezen. Hala, lehen aipatu dugun familiaren aurkezpen eza horren truke, sendiaren inguruko flashbackak tartekatuko zaizkigu (Lost telesailaren ataletan gertatzen zen bezalaxe), iragan eta orainaren arteko loturak planteatuz. Egia da pelikulak gehiago asmatzen duela bere mamia den apokalipsiaren inguruko bizkarrezurra marrazten duenean eta horrek eragiten dituen ondorio pertsonalak aztertzen dituenean, pertsonaien barren torturatuak behatzen dituenean baino, baina ezin gaitezke pertsonaia hutsalez mintzatu.
Edonola, pelikulak bere erabateko zentzua irudien bitartez hartzen du. Era hontan, Shyamalanek modu ia exhibizionistan jokatzen duela esan genezake (adierazkorki, Alfred Hitchcockek bezala, Shyamalanek ere bere sinadura pantaila agerpen oso bestelakoekin egiten du), eta filma hala eszenaratze erabaki arrotzekin beterik dago. Era guztietako travelling eta panoramikak, angulazio muturreraino bortitzak, foku eremu askotarikoak eremuaren barnean, lehen eszena horretan deskribatutakoaren tankerako elkarrizketa planifikazio arriskatuak… etengabe izango dugu demiurgo filmiko baten eskua atzean dagoenaren zeinua. Ez da hau inola ere berria zuzendariaren ibilbidean, eta horren froga da nolabait auto-erreferentzialtasuna oso presente dagoela, eta hala, gogora etorriko zaizkigu Signs (landa eremuko etxeari eginiko eraso geldiezina) The Happening (telebistan ikusten ditugun irudi beldurgarri eta esplikaezinak), edo The Village (umeak zuhaitzen inguruan egingo duen ihesaldia oso antzeko dago filmatua).
Knock at the Cabin ez da inola ere borobila. Akatsak zenbatzea ez da zaila: pertsonaien iragana eta honek duen zentzua nahasi samarra da, gizarte kritika badela susma genezake… baina zeri? (planetaren baliabideak muga gabe xahutzeari, familia molde anitzen edo multikulturalismoaren aurkako gorroto eta intolerantziari, kolektibotasuna norberaren ongizatearen gainetik jartzeko ezintasunari? Akaso pistaren bat gehiago estimatuko genuke…). Bestalde, bukaerako partera iristen denerako pelikulak hartu zezakeen bide bakarra hartzen duela sentituko dugu, twist sorpresa horiek horren harrigarriak ez direlako sentsazioa ere gailenduko da, eta erlijioarekiko erreferentziak errepikakorregiak izateaz gainera (apokalipsia tarteko egonda, tira, onargarria da, baina azken garaian adierak eraikitzeko joera erraz kezkagarria ari da bilakatzen), esplizituegiak dira. Edonola, pelikula gustagarri eta freskoa da, eta M. Night Shyamalanek haragitzen duen begirada pertsonal eta emankorraren katebegi berri eta koherentea da.