Bizitza luzeko irakasle donostiarra
1915ean, Donostian jaio zen Isabel Etxeberria Gorriti. Bigarren Errepublikaren garaian irakaskuntza ikasi zuen bertako Irakasle Eskolan, baina frankismoak hala behartuta, Kataluniako Llança herrian aritu zen irakasle gisa 37 urtez. Han bizi da gaur egun, "pozik".
Isabel Etxeberria eskola maistrak (Donostia, 1915) 108 urte bete berri ditu urtarrilaren 31n. Gironan bizi da gaur egun, eta frankismoaren ondorioz, Llança herrian (Herrialde Katalanak) egin du bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena.
Familia euskaldun batean jaio zen, eta lehenengo ikasketak Donostian egin ostean, Zumaiako Karmeldar Oinutsen ikastegian bi urtez egon zen barneko ikasle gisa. Batxilergoa ikastera Donostiara itzuli zen, Teresiar instituzioak Frantzia pasealekuan zuen ikastetxera. Han ikasten ari zela, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, Etxeberriak 16 urte zituenean.
Batxilergoa amaitu ondoren, nota onak ateratzen zituela ikusirik, ikasten jarraitzea erabaki zuen, eta irakasle ikasketak egin zituen. Bigarren Errepublikaren hasieran, Jesusen Lagundiaren ikastetxean ezarri zuten Donostiako Irakasle Eskola. Etxeberriak 1932ko udazkenean hasi zituen ikasketak han, Errepublikaren erreformarekin maisu-maistrek jasotzen zuten heziera zabal eta sakona bereganatzeko asmoz.
Lehen pausoak irakaskuntzan
Hiru urtez Irakasle Eskolan ikasten aritu ostean, tituluaren jabe izateko derrigorrezko praktikaldi bat egin behar izan zuen Etxeberriak. Quintanilla Erriberabeitia herrixkan (Araba) ikasturte bat igaro zuen praktikaldian. Errepublikaren plangintzaren barruan 1931-1935 bitartean estatu osoan eraikitako 4.000 eskola berrietako bat izan zen Quintanilla Erriberabeitikoa. Talde mistoak zeuden bertan, eta herriko haurrez gain, inguruetako auzo guztietakoak ere joaten ziren bertara.
Garai hartan, Etxeberriak irakasle tituludunen gisako ordainsaria jasotzen zuen ia; izan ere, hori izan zen Errepublikak ezarritako neurrietako bat, irakasle lanbidearen duintasuna areagotzeko.
1936ko estatu kolpeak Quintanilla Erriberabeitian harrapatu zuen Etxeberria, eta frankismoaren errepresioa pairatu zuen lehen sektorea Errepublikako maisu-maistrena izan zen.
Donostiara itzuli zenean, frankismoak emakumeentzat ezarri zuen Gizarte Zerbitzua egitera behartu zuten; izan ere, hura gabe ezin zitekeen irakasle titulurik eskuratu erregimen faxista berrian. Behin hori amaituta, Getariara bidali zuten lanera. 1937ko irailaren 11n hasi zen maistra lanetan, Arrantzaleen Kofradiaren eskolan.
Han bi ikasturte egin ostean, 1939ko irailaren 17an, Gabiriako eskolara bidali zuten behartuta, nesken taldearen ardura hartzera. Lau ikasturte egin zituen han, 1942ko abendura arte. Euskaraz aritzen zen bertan, eta ikuskaritzak hori ez zuenez begi onez ikusten, Llança herrian eman zioten behin betiko lanpostua.
37 urtez Llançako irakasle
Llança herri errepublikazalea izan zen, batez ere, Espainiako Lehen eta Bigarren Errepublika bitarteko garaian. Gaur egun udaletxea dagoen eraikinean zegoen eskola, eta frankismoaren aginduz, neskak eta mutilak bereizita zeuden: lehen solairuan mutilak eta behe solairuan neskak.
Lehen ikasturtean, Etxeberriak 3. mailako neskak izan zituen bere ardurapean, baina handik aurrera, 12 eta 14 urte bitarteko neska taldeekin aritu zen lanean, trantsizioaren azken urteetan berriro talde mistoak onartzen hasi ziren arte.
Etxeberria Llançako eskolako irakasle izan zen 37 urtez, 1980an erretiroa hartu zuen arte. Familia ere bertan eratu zuen, izan ere, Llançako Miquel Fa i Caularekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten: Maria Dolors eta Mayra.
1989ko urtarrilean, Llançako Udalak Llança d’Or ohorezko bereizgarria eman zion, “gure herrian 37 urtez egindako irakaskuntza emankorragatik eta ekarpen sozial eta kultural eskuzabalagatik”. Hori ez da izan egin dioten aitortza bakarra, ordea. 2020ko irailaren 12an, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Llançako Udalak eta Getariako Udalak omenaldi bat eskaini zioten Etxeberriari, Llançan, frankismoan pairatutako depurazioagatik eta bizitza osoan herriko maistra gisa egindako lanagatik.
2021ean, Kataluniako gobernuak Sant Jordiren gurutzea eman zion (Katalunian jaso daitekeen ohorezko sari garrantzitsuenetako bat), eta iazko martxoan Eneko Goiak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin zioten Donostian. ETBk elkarrizketatu du aste honetan. “Edozein egunetan katapun egingo dut, baina pozik egon behar dut ondo bizi naizelako hainbeste urtez”, esan zuen, euskaraz.