Kulturartekotasuna sustatzea helburu
Egiako Beti Boga taberna irekita dago berriz, eta, pixkanaka, jendea terraza ezagun horretaz gozatzera gerturatzen ari da. Amaia Lasherasek (Intxaurrondo, 1968) hartu du tabernaren ardura, eta nabarmendu du tabernaren bidez kulturen arteko integrazioa sustatu nahi duela.
Duela lau bat hilabete, 2022ko urrian, Egiako Beti Boga tabernak atea ireki zuen berriz, pandemiatik itxita egon ostean. Amaia Lasheras dago irekieraren atzean, eta, azaldu duenez, lehenengo aldiz murgildu da ostalaritzaren munduan: “Beste arlo batzuetan kudeaketaren munduan ibilia nintzen, baina ostalaritzan ez. Horregatik, ostalaritzaren mundua ezagutzen duen eta aholkatu ahal nauen talde batez inguratzen saiatu naiz”.
“Gizarte arlotik eta asoziazionismotik” dator Lasheras, eta, kulturartekotasuna sustatzeko espazio gisa ikusi zuen taberna: “Ulertzen nuen taberna izan zitekeela kultura desberdinak elkar integratzeko espazio bat. Izan ere, inguruan ditugun beste kulturak ezagutzea falta zaigu, eta beste kulturetako herritarrak ere soilik euren artean elkartzen dira askotan”. Horrela, Lasherasen helburua argia da: “Hemen askotariko jendea elkartzea nahi dugu, eta ez soilik jende gaztea, adin eta kultura askotarikoak baizik. Izan ere, betidanik, tabernetan integratu gara hoberen. Komunitatea egiteko eta kulturen arteko integrazioa sustatzeko espazio aproposak dira”.
Kulturartekotasuna, janariaren bidez
Beste kulturak ezagutzeko bidean, janari arabiarra eskaintzen dute tabernan: “Euskal Herriko janaria eta arabiarra eskaintzea erabaki genuen, janariaren bidez ere kulturak integratzeko. Egia esan, harrera ona izaten ari da janari arabiarra”. Hain zuzen ere, sukaldaria arabiarra da, “kuskus on bat edo harira zopa on bat egiteko aproposena arabiar bat delako”.
Asteartetik igandera, eguneko menua eskaintzen dute eguerditan, eta, egunero, gutxienez plater arabiar bat sartzen dute menuan. Halaber, aukera begetariano edo begano bat ere bermatzen dute. Arratsaldetik aurrera, pintxoak, anoak eta ogitartekoak eskaintzen dituzte, arduradunak azaldu duenez. Horrez gain, laster iritsiko da ramadana, eta hori ere kontuan izango dutela nabarmendu du Lasherasek: “Bai ordutegiari dagokionez eta bai janari motari dagokionez. Eta, ez soilik arabiarrentzat, etortzen den edonori gustatuko zaio eskainiko duguna”.
Izan ere, dioenez, “pixkanaka”, lortzen ari dira kultura desberdinetako herritarrek tabernan “inolako arazorik gabe” elkarbizitzea: “Alde batetik, sukaldaria arabiarra denez, bere lagunen eta inguruko arabiarren artean taberna ireki dugunaren albistea zabaldu da, eta arabiar dezente etortzen dira. Eta, hemengo jendea ere bai; auzokoak, taberna lehendik ezagutzen dutenak, eta abar”.
Beti Boga, erreferentziazko taberna
Egian aski ezaguna da Beti Boga taberna, baina hiriko gainontzeko auzoetan ere oso ezaguna da, Lasherasek dioenez, “ia edonor pasatu delako noizbait hemendik zerbait hartzera”. Hain zuzen ere, Lasherasek berak ere aurretik ezagutzen zuen, eta horregatik aukeratu zuen Beti Boga bere proiekturako: “Mitikoa da, eta asko gustatzen zait, bereziki terraza, donostiar askori bezala. Hain justu, horregatik ez diot izena aldatu: gustatzen zaidalako eta jende askok ezagutzen duelako. Ondo lan eginez gero, arrakasta izateko aukera handiak ditu taberna honek”.
Dioenez, “Donostiako auzo batean eta neguan taberna bat irekitzea ez da erraza”, baina ziur dago “udaberritik aurrera” ondo aprobetxatuko dutela Beti Bogako terraza ezaguna. Hala ere, terraza eguraldi txarrarekin ere erabili ahal izateko aukerak aztertzen ari da: “Begiratzen ari gara ea zer baimen eskatu behar dizkiogun udalari terraza estaltzeko, baina pixkanaka”.
Bestalde, aurrera begirako proiektuak ere badituzte tabernan, Lasherasek kontatu duenez: “Jarduerak antolatzeko asmoa dugu. Alde batetik, auzoko emakume taldearekin hitz egiteko asmoa daukat, tabernan hitzaldiren bat edo horrelako zerbait antolatzeko. Eta, udara begira, kontzerturen bat antolatzeko baimena eskatzeko asmoa ere badaukagu. Gainera, zerbitzarietako batek musika talde bat dauka, eta lehenengo kontzertua talde horrena izatea nahi dugu”.