Laura Miner harriarekin eta porlanarekin jolasean
Laura Miner artista donostiarrak (Donostia, 1966) Harriz eta porlanez erakusketa jarri du Parte Zaharreko Koloreka espazioan (San Jeronimo kalea, 19), eta martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa ezohikoa da, aretotik bertatik hasita: garai batean, harategi baten hozkailua zen, eta bost metro koadro baino ez ditu.
Minerrek azaldu duenez, espazioko arduradun Nerea Urrestarazuk erakusketa egiteko proposatu zionean, “oso zaila” zela pentsatu zuen, espazioaren ezaugarriengatik. Ordea, abiapuntua argia izan zen: “Lehenengo gauza ikusmena da, zer ikusten dugun hemen sartzen garenean”. Eta, hozkailu zahar horretara sartzean, ikusten den lehenengo gauza hormetako lauzak dira, harriz eta porlanez egindakoak eta sartzen den pertsona inguratzen dutenak.
Lauzak ez dira lisoak, forma askotariko puntuez beteta daude, eta forma horiekin jolastu du artistak: “Lauzen argazkiak egin nituen, eta argazki horietan egin nituen esku hartzeak, lumarekin, batez ere”. Hain zuzen ere, lauzetako puntu horietan pertsonak, munstroak, animaliak eta askotariko figurak marraztu ditu Minerrek, eta esku hartzeak horman bertan itsatsi ditu. Horrela, “jolas” bat sortzen dela dio: “Pertsona bakoitzaren munduen arabera, gauza batzuk edo beste batzuk ikusiko dituzu esku hartzeetan”.
Espazioa txikia bada ere, ibilbide moduko bat osatzen dute esku hartzeek: sartu eta eskuinera marrazki txiki batzuk baino ez daude, nahiko figuratiboak, baina pixkanaka abstrakturantz jo du Minerrek, azken partean esku hartze digitalago batzuekin bukatzeko. Arretaz begiratzeko erakusketa da, ezusteko txikiak aurkitu baitaitezke esku hartzeak arretaz behatuta.
Jolas proposamena
Erakusketa bera “jolas” moduan aurkezten du artistak, baina beste jolas txiki bat ere proposatzen du Koloreka espazioak berak. Bisitari bakoitzari eskuorri bat banatuko diote, aretoko lauza baten argazkiarekin, eta bakoitzak aipatu puntuetan ikusten duena marraztu ahalko du. Ondoren, bisitari guztien marrazkiak biltzeko eta ikusgai jartzeko aukera aztertzen ari dira; IRUTXULOKO HITZAk dagoeneko egin du bere interpretazioa.