Mende batez baino gehiagoz, askotariko lore eta landareen etxe
Pierre Ducasse Donostiako lehenengo udal lorezaina izan zen. 1886an, Villa Maria Luisa izeneko loradenda bat ireki zuen Hernani kaleko 14. zenbakian, eta ordutik negozioak hainbat kokaleku izan baditu ere, hasierako kale berean zabalik jarraitzen du gaur egun.
Juan Pablo Roura, Villa Maria Luisa loradendaren jabea. (Argazkia: Sara Ibarguren) Villa Maria Luisa loradendak 100 urte bete ditu Hernani kaleko lokalean, baina, izatez, 144 urteko historia du. Villa Maria Luisa Ategorrietan kokatutako jabetza baten izena zen (gaur egun Elosegi Alkatearen etorbidea, 37. zk.). Landetxe hori Pierre Ducasse baionar lorezainak eraiki zuen, eta bertan finkatu zuen bere egoitza. Marie Louise Camy emaztearen omenez izendatu zuen horrela, 30 urte besterik ez zituela hil baitzen Frantzian.
1878an, baratzezaintza establezimendu bat sortu zuten bertan. Kolonia frantziarrak eragin handia izan zuen urte haietan, eta Donostia edertzeko eta modernizatzeko bultzada erabakigarria eman zuen. Hiriko bizitzan oso inplikatuta zegoen Ducasse, eta Goikoa eta Urkola arkitektoekin batera proiektu publiko askotan lan egin zuen, hala nola, Gipuzkoa plazan, Zurriolako lorategietan eta Alderdi Ederreko parkean. Lehenengo udal lorezaina izan zen Ducasse, eta besteak beste, hari zor zaio tamarindoak landatzea hirian.
Ducassek 1886an loradenda bat ireki zuen Hernani kaleko 14. zenbakian, Askatasunaren hiribidearekin izkina eginez. “Villa Maria Luisa 1888an aintzatetsi zuten, Errege Etxearen Hornitzaile tituluarekin, eta urte horietan Miramarreko lorategia trazatzeko enkargua jaso zuen, Maria Kristina erreginarentzat. Ducasse hil ondoren, haztegi berriak erosi zituzten Oiartzunen, eta dendak hainbat kokaleku izan zituen, 1922an Hernani kalera itzultzeko, egungo kokalekuan ezarriz”, azaldu du loradendaren egungo jabeak, Juan Pablo Rourak.
Rourak Elena de la Peña Ducasserekin, Pierre Ducasseren herenilobarekin, egin zuen lan loradendan 2019ko apirilera arte. Orduan hartu zuen negozioaren jabetza. “Nik informatika ikasi nuen, baina pixkanaka loreei eta landareei buruz ikasten hasi nintzen, eta 2010ean Villa Maria Luisan hasi nintzen lanean”, adierazi du.
Pierre Ducassek utzi zuenetik, belaunaldiz belaunaldi, gurasoetatik seme-alabetara eskualdatu da Villa Maria Luisaren ardura. De la Peña familiako bosgarren belaunaldia izan zen, eta Roura da negozioa sortu zenetik familiako kidea ez den jabe bakarra. “Elenaren eskuineko eskua nintzela esan dezakegu, eta ni geratu naiz negozioarekin”, azaldu du. Erabakia hartzea ez omen zitzaion asko kostatu: ”Egia esan, ez nuen asko pentsatu. Azken finean, egunerokotasunean murgilduta zaude, aurrera jarraitzen duzu, eta pena ematen dizu hau bukatzeak. Beraz, ez nintzen pentsatzen jarri nolako ardura izango zen”.
Estatuko loradendarik zaharrena
Rourak dioenez, estatuko loradendarik zaharrena da berea. Horretan pentsatzen badu, “bertigo” pixka bat sentitzen duela nabarmendu du. “Hala ere, ez da pentsatu behar. Egunez egun aurrera egin behar da, eta garai bakoitzera egokitu. Egunerokotasun horretan zaudenean, ez duzu gainerakoan pentsatzeko denbora askorik”, adierazi du.
Donostian ez dira 100 urte bete dituzte establezimendu asko geratzen, eta hori lortzeko, “eraberritu” egin behar dela nabarmendu du Villa Maria Luisaren jabeak. “Beti mantendu behar da antzinako negozioaren esentzia, baina modernizatu ere egin behar da pixka bat. Gaur egun, jende askok Internet bidez erosten ditu gauzak, eta dagoeneko ez da jende asko etortzen dendara zerbait konkretua erostera. Beraz, negozioa zabaldu behar duzu, eta webgunea eta sare sozialak izan behar dituzu horien bitartez saltzeko”, nabarmendu du.
Villa Maria Luisak webgune bat du jendeak loreak eta landareak online erosteko aukera izan dezan, baina Rourak nahiago du bezeroak dendara joatea, eta argi du zergatia: “Webgunean ez ditugu askotariko lore eta landareak eskaintzen. Izan ere, lore sorta bakoitza desberdina da. Ezin dugu eskaini lore zehatz batzuk dituen sorta bat eta gero gogoak ematen diguna bidali. Nik orain lore sorta bat egin dezaket garaiko lore eder batzuekin, eta udan norbaitek horrelako bat nahi badu ezin da egin, udan ez ditugulako orain ditugun lore berak. Beraz, bezeroari gezurra ez esateagatik, dena hitzartuta uzten dugu”.
Hala ere, webgunearen bidez kanpoan bizi diren bezeroak mantentzen dituztela azaldu du. “Ezagutzen gaituzte, eta badakitenez nola egiten dugun lan, guregan konfiantza izaten jarraitzen dute”, zehaztu du.
Galdu ez den ohitura
San Valentin eguna, Amaren eguna, ezkontzak, urtebetetzeak… egun berezi asko baliatzen ditu jendeak oraindik ere loreak erosteko. “Galdu ez den ohitura bat izaten jarraitzen du”, azaldu du Rourak. Normalean, lore klasikoak izaten dira gehien saltzen dituztenak: arrosak, peoniak, hortentsiak eta bitxiloreak, besteak beste. Landareei dagokionez, orkideak eta azaleak nabarmendu ditu.
Hala ere, tarteka gauza bereziagoak ere ekartzen dituztela dio Rourak: “Orain ospatuko den San Valentinerako, adibidez, Hoya kerrii landareak ekartzen ditugu, izan ere, bihotz forma dute haren hostoek”.
Askotariko lore eta landareak izateaz gain, Villa Maria Luisa lokala bera ere gustatzen zaie bezeroei. “Antzinako negutegi bat dirudi, alboetatik argiztatuta dagoena. Jendeari arreta handia ematen dio kanpotik begiratzen duenean, eta asko argazkiak egitera sartzen dira”, aitortu du Rourak.


