Oiartzabal, 2028ra arte txuri-urdin

Realak luzerako dauka kapitaina, Mikel Oiartzabalek kontratua berritu baitu, eta 2027-2028ko denboraldiaren amaierara arte sinatu du klub txuri-urdinarekin. “Bizitza osoa darama hemen eta 25 urte besterik ez ditu”, nabarmendu du klubak.
Oiartzabal bera ere pozik agertu da: “Oso pozik nago maite dudan taldean urte gehiago jarraitzeagatik. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari nigan erakusten duen konfiantzagatik”. Eta, anbiziotsu agertu da eibartarra: “Helburuak betetzen jarraitzeko eta Realari hazten laguntzeko gogoa dut. Gauzak hain ondo atera ez diren urteetan bizitakoa bizi izana positiboa da orain lortzen ari garena merezi duen bezala baloratzeko. Meritu ikaragarria du azken urteotan lortutakoak”. 75 milioi euroko klausula mantenduko du jokalariak, eta soldata pixka bat igo diote.
Harrobiko jokalariak 2015ean egin zuen debuta lehenengo taldearekin, eta jokalari oso garrantzitsua da gaur egun; besteak beste, 2020ko kopa irabazteko finaleko gola sartu zuen. Dagoeneko, 281 partida jokatu ditu elitean Realarekin, eta 80 gol egin eta 49 asistentzia eman ditu. One club man bat izateko bidean da Oiartzabal, Xabi Prietoren pausoak jarraituz.