Parte Zaharrak gaztetxea behar duela aldarrikatu dute
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) antolatuta, herritar ugari mobilizatu dira larunbatean Donostiako Parte Zaharrean, Auzo bat, gaztetxe bat! lelopean. Urgulleko Guardetxearekin azken hilabeteotan gertatutakoaren harira egin dute manifestazioa, izan ere, AZGA-k auzoko gaztetxea ireki nahi du bertan. Trinitate plazatik abiatu da manifestazioa, eta auzoko kaleak zeharkatu ondoren, plaza berean bukatu da. Tartean, Bulebarreko Turismo Bulegoan ekintza txiki bat egin dute, auzoak pairatzen duen turistifikazioaren kontrako pegatinak itsatsiz. Ondoren, Kijera gaztetxe ohira iristean, bi lagun balkoietara igo dira, eta gaztetxearen aldeko pankarta bat zintzilikatu dute, baita bengala batzuk piztu ere. Donostiako zein hiritik kanpoko hamarnaka eragilek bat egin dute mobilizazioarekin.
Amaierako irakurketan gogorarazi dute pasa den abenduaren 10eko Alde Zaharreko Gazte Egunean okupatu zutela Guardetxea, Auzoa ez dago salgai! dinamikaren barruan. “Agintari politikoek eta jabe handiek auzoa turismoari saldu diote. Horregatik, etxebizitza prezioaren igoerak ez du mugarik eta geroz eta gehiago dira luxuzko hotel eta etxe turistikoak, auzotarrak gure etxeetatik kanporatzen gaituzten bitartean; agerikoa da kaiaren eta bestelako espazio publikoetan ematen ari den pribatizazio prozesua; kasino, apustu etxe eta multinazionalen kopurua ere itogarria da, komertzio txikia desagertzeko arriskuan dagoen bitartean; gainera, ez dago haurren edota gazteen aisialdirako gune estalirik, bizilagunen sozializazioa taberna eta kontsumora mugatzen duten bitartean”, salatu dute.
Horren guztiaren ondorioz, Guardetxea auzoarentzat okupatzeko erabakia hartu zutela azaldu dute: “Gazteok antolatzeko auzoan dugun espazio faltari irtenbidea emateko asmoz ireki genuen udalak hiru urtez abandonatuta utzi duen Guardetxea. Auzolana deitu genuen espazioa garbitu eta konpontzeko asmoz, baina udalak bidalitako udaltzainek auzolana debekatu eta Guardetxea hustu zuten”. Gogoratu behar da Banda Bat elkarteak kudeatu zuela Guardetxea 2009tik 2019ra, askotariko kultur jarduera antolatuz. Ordea, eraikina ez dago egoera onean eta birgaitu beharra dago, baina udalak oraindik ez du birgaitze lanak egiteko pausorik eman.
Abenduan bertan, gunea txukuntzeko auzolanera deitu zuen AZGA-k, baina Udaltzaingoak Guardetxea itxi egin zuen. Aste honetan, gazte asanbladak berriz ere ireki zuen gunea, baita auzolana burutu ere, baina, ostiralean, Udaltzaingoak berriz ere itxi egin zuen.
Egoeraren aurrean, gazteak prest agertu dira Guardetxean egin beharreko lanak auzolanean egiteko, baina udalaren jarrera salatu dute: “Eraikinean hainbat konponketa egitea beharrezkoa da. Gu prest gaude asuzolanean espazio hori berreraiki eta gainontzeko eragileekin batera autogestioan oinarritutako proiektu bat sortzeko. Gaur gaurkoz, ez dirudi udalak horretarako borondaterik duenik, eta eraikina lehiaketa publikora aterako duela esan arren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenik gabe, ez ditu lanak hasiko. Beraz, noizbait lehiaketara aterako balitz ere, urte luzez hutsik jarraituko luke eraikin honek”. Urtarrileko udalbatzarrean, EH Bilduk eskatu zuen Guardetxearen erabilera auzoko eragileentzat erreserbatzeko, baina eskaerak ez zuen babesik jaso.
Halaber, Kijera gaztetxearekin ere antzeko zerbait gertatu zela gogorarazi dute gazteek: “Etxebizitza egokituak egiteko aitzakiaz hustu zuten Kijera gaztetxeak ere, hamabi urtez hutsik egon den Kaialde eraikinak, hutsik jarraitzen duela”.
Horrela, antolakuntzaren eta autogestioaren bidetik jarraituko dutela nabarmendu dute: “Aspaldi hartu genuen auzoko problematikak borrokatu eta gazte antolakuntzaren, auzoko eragileen eta norbanakoen arteko konfluentziaren eta autogestioaren bitartez gaztetxeak eta bestelako proiektu autogestionatuak sortu eta defendatzeko erabakia. Bide horri eutsiko diogu datozen urteetan ere, eta izan argi behar denerako gurekin kontatu dezakezuela. Borroka hau, azken finean, gaur hemen gauden guztion borroka da. Duela urte gutxi genioen moduan: ez delako gaztetxe bat, mundua ulertzeko modu bat baizik”.
Abiatu da Parte Zaharreko gaztetxearen aldeko manifestazioa, 'Auzo bat, gaztetxe bat' lelopean.@irutxulo @AZgazteak pic.twitter.com/10ETu71Vor
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) February 11, 2023