Arartekora jo dute Atotxarrekako bizilagunek
Donostiako Udalak Atotxarrekako zerbitzuak hobetuko zituela iragarri zuen iragan azaroan Eneko Goia alkateak. Orain, Arartekora jo dutela jakinarazi du Donostitik.com atariak, udal gobernuaren “pasibotasunarengatik”. Era berean, auzotarren eskaerak jasotzen dituen gutuna helarazi diete udal taldeei.
Atotxarrekako bizilagunek 625 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, eta sinadurekin batera euren aldarrikapenak helarazi zizkioten udalari: “Autobus zerbitzu bat nahi dugu, kaleak garbi, zebrabide altuak, mantentze lan egokiak, argiztapena hobetzea, zuhaitz txorkoetan zuhaitzak jartzea, eta abar. Oro har, bizilagunok gure zergekin ordaintzen ari garen guztia, baina gaur egun ez daukaguna”.
Bizilagun batek radar faltsu bat jarri zuen pasa den urrian Atotxarreka bidean. Auzoan dituzten arazoak ikusarazteko harturiko erabakia izan zen.