Bost donostiar ikertuko dituzte, Jesus Mari Pedrosaren hilketaren harira
Dignidad y Justicia elkartearen beste salaketa baten harira, ETAren ustezko buruzagi ohien aurkako beste ikerketa bat abiatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Oraingoan, Durangoko (Bizkaia) PPko zinegotzi Jesus Mari Pedrosaren hilketagatik abiatu du ikerketa Alejandro Abascal epaileak, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko Lehen Epaitegi Zentralekoak. Hamar euskal herritar ikertuko dituzte, tartean bost donostiar.
Zehazki, autoaren arabera, Iñaki Gracia, Javier Gartzia Gaztelu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Mikel Albisu, Vicente Goikoetxea, Ramon Sagarzazu eta Marixol Iparragirre ikertuko dituzte. Olarra, Mujika, Iglesias, Albisu eta Iparragirre (jaiotzaz eskoriatzarra, baina Antiguako presotzat hartuta dago) donostiarrak dira. Albisu izan ezik, beste lau donostiarrak espetxean daude oraindik, zigor luzeak betetzen.
Durangoko zinegotzia identifikatu gabeko ETAko bi kidek hil zuten, 2000ko ekainaren 4an. Dignidad y Justiciak bere salaketan dio ETAren zuzendaritza batzordearen ardura zela erakundearen “estrategia diseinatzea”, eta beraz, zuzendaritza horrek aukeratzen zituela helburuak eta agintzen zituela atentatuak. Halaber, elkarteak dio ETAk hainbat herritar Euskal Herritik “indarrez kanporatzeko” estrategia bat jarraitzen zuela, eta Pedrosaren kasua estrategia horrekin lotuta dagoela. Horrela, PPko zinegotziaren hilketan eta biktimak jasandako “bortxa eta mehatxuetan” izan zezaketen ustezko parte hartzearen harira ikertuko ditu Abascalek hamar euskal herritarrak.
Epaileak uko egin dio hamar ikertuentzako fidantza bat ezartzeari, baina txosten bat eskatu die Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, informazioa biltzeko ikertuen, zinegotziaren aurkako ekintzen eta hilketaren testuinguruan “alderdi politiko konstituzionalistetako militanteen aurkako mehatxu eta bortxa ekintzen” inguruan.
Azken hilabeteotan, tankera horretako hainbat helegite jarri ditu Dignidad y Justiciak, besteak beste, Miguel Angel Blancoren eta Jose Francisco Querolen hilketen harira.