Garbiñe Etxeberriak jasoko du Carmen Adarraga saria
2023ko Carmen Adarraga saria Garbiñe Etxeberriak jasoko du, Realeko emakumeen egungo kirol zuzendariak. Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Gipuzkoako kirolaren aitzindari izan zen, eta haren izena daraman sariak lurraldeko emakume kirolarien ibilbidea aintzat hartzea eta ikusaraztea du helburu. Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen du saria, eta aurten zortzigarrenez emango dute.
Garbiñe Etxeberria 80ko eta 90eko hamarkadetan Oiartzun K.E. taldeko jokalaria izan zen, eta liga bat eta bi kopa irabazi zituen zituen. 2004an, Realaren emakumeen taldea sortu zenean, klub txuri-urdineko entrenatzaile lanetan hasi zen. Lau urte beranduago, idazkari teknikoaren postua hartu zuen. Bera buru izanik, emakumeen taldea hazten joan da, eta hainbat mugarri historiko lortu dituzte azken urteotan: 2019. urtean kopa irabazi zuten eta 2021-2022ko denboraldian ligako bigarren postuan gelditu ziren, Txapeldunen Ligarako sailkatuz.
Horrela, saria jasotzen duen zortzigarren emakumea izango da Etxeberria. Haren aurretik, hauek jaso dute: Coro Fuentesek, Mari Aiestaranek, raketistek, Nieves Alzak, Arantza del Puertok, Carmen Diez Mintegik eta Azu Muguruzak.