Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaian parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko gazte epaimahaian parte hartzeko izen ematea irekita dago. Epaimahaiak film laburrik onena aukeratuko du gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Gazte epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du. Izen emate epea martxoaren 17ra arte egongo da zabalik.
Gazte epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 bat gaztek osatuko dute. Apirilaren 21 eta 28 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.
Gazte epaimahaian parte hartzeko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean eman behar da izena. Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 20an, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:30etako saioen %80ra joan beharko dute.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu.
Eskola saioak
Gaurtik, otsailaren 13tik, aurrera ikastetxeek izena eman dezakete Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Aurten, Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Yoko oporretan, Trash eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera pelikulen eskaintza izango da. Pelikulen gaia lantzeko gida didaktikoak ere banatuko dira. Hauek Antzoki Zaharrean izango dira, apirilaren 20tik 28ra goizeko 10:00etan.
Eskaintza doakoa da, eta www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 15era arte.