Intxaurrondoko kuartelean izandako "ehunka tortura kasuak" gogorarazi eta salatu ditu Aske antolakundeak
Antolakundeak salatu duenez, prentsaurrekoaren ostean, Ertzaintzak "sekulako operatiboa" egin du, eta hiru kide identifikatu eta miatu ditu.
Torturaren Aurkako Eguna da gaurkoa, eta, horren harira, Aske antolakundeak agerraldia egin du Intxaurrondon. Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean egin dute agerraldia, kuartel horretan izandako “ehunka tortura kasuak gogorarazteko eta salatzeko”. Izan ere, kuartel hori izan zen urte luzez euskal militantziaren aurkako errepresioaren eta torturaren epizentroa, Enrique Rodriguez Galindo buru.
“Gutxienez, 5.657 torturatu izan dira Euskal Herrian. Urteetan zehar, Intxaurrondoko kuartela izuarekin eta jazarpenarekin lotutako izena izan da. Oso ezagunak dira bertatik igaro diren euskal herritarrek pairatu dituzten tortura latzak. Izan ere, Espainiako Estatuak bere burua ‘demokratikotzat’ duen arren, bere lege burgesetik kanpo dauden praktikak burutzeko prest egon da beti”, salatu dute Askekoek.
Horrela, “Euskal Herri langilearen mesedetan jardungo duen euskal estatu independente eta sozialistaren bidean borrokatzeko” beharra aldarrikatu dute, eta, horretarako, “ezinbestekotzat” jo dute amnistia, “Euskal Herri langileak inolako jazarpenik ez pairatzeko berme bakarra” dela argudiatuz.
Bestalde, sareetan salatu dutenez, Ertzaintzak “sekulako operatiboa” egin du, eta hiru kide identifikatu eta miatu ditu:
Prentsaurreko ostean, zipaioek sekulako operatiboa montatu dute 3 kide identifikatu eta miatzeko.
— Aske Antolakundea (@aske_eh) February 13, 2023
ERREPRESIOAREN AURREAN EUSKAL HERRIAK AMNISTIA! pic.twitter.com/LRJLJTpXXk