Osakidetzako langileek manifestazioa egingo dute otsailaren 25ean, osasun sistema publikoaren alde
Osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute otsailaren 25ean Donostian. Osakidetzako langileek abenduan abiatutako mobilizazioen dinamika gogortzeko asmoz eramango dituzte kalera euren aldarriak. 12:00etan abiatuko da manifestazioa, Bulebarretik.
ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk, eta SME medikuen sindikatuak deitu dute manifestazioa, osasun sistema publikoa “desegiten” ari dela salatzeko. Sindikatuok nabarmendu dute Osakidetzak “egiturazko arazoak” dituela, eta “kategoria profesional eta lurralde guztietan” eragiten dutela. Prekarietatea, zerbitzuetako murrizketak, eta herritarren osasun arretan irisgarritasunaren eta kalitatearen galera salatu dituzte.