Udalak joan den astean gertatutako sexu eraso bat salatu du
Ostiral goizaldean emakume batek sexu eraso bat salatu zuen Ertzaintzaren polizia etxean. Eraso horrekin lotuta, gizon bat atxilotu dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Ez dute beste xehetasunik eman.
Donostiako Udalak gertaturikoa gaitzetsi du, eta Bozeramaileen Batzordeak bost puntuko adierazpena onartu du gaur goizean. Gainera, bihar, hilak 14, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian.
Hona hemen udalak adosturiko adierazpena:
- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
- Udalak hiritarrei dei egiten die asteartean, hilaren 14ean, 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den gaitzespen bilkuran parte hartzera.
- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.