Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen gehienezko kutsadura muga 2020an
Ekopoleko irakasle talde batek ondorioztatu du lehen bi urteetan instalazioak programatu gabeko 240 geldialdi izan zituela.
Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen legeak ezarritako substantzia toxikoen kutsadura maila 2020. urtean, Ekopol taldeko kide eta EHUko irakasle Gorka Buenok egindako txostenaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Iraunkortasun Sailburuordetzaren erregistroaren datuak aztertuta ondu du txostena. Dagoeneko Zubietako erraustegiaren irregulartasunak ikertzen ari den Fiskaltzaren esku jarri du ikerketa hori. Besteak beste, datu horiek dira Guardia Zibilaren ingurumen ikerketaz arduratzen den Sepronako agenteek eskatu, baina helarazi ez zizkietenak.
Honakoak dira Ekopoleko kideek egindako ikerketaren puntu nagusiak:
1.Gehiegizko kutsadura
Arkaitzerrekan 2020ko maiatzean Zubietako erraustegiak egindako amoniako isurketaren ostean, ingurumen delituetan espezializatutako Guardia Zibilaren Sepronako taldeko kideak hasi ziren ikertzen instalazioen egoera. Ondorioztatu zuten bazirela zentzuak pentsatzeko erraustegia kutsatzen ari zela inguruko ura, lurra eta airea. Hori frogatu ahal izateko, baina, datuen beharra zegoela zioten ikertzaileek. Harriduraz hartu zuten jakitea errausketa egiten ari zirela gasak arazteko beharrezko gehigarririk gabe. Gauzak horrela, iragartzen zuten onartutakoa baino nitrogeno oxido (NOx) askoz gehiago isuri beharko zuela instalazioak. Horri buruzko datuak eskatu arren, erakundeek ez zizkieten eman. Ekopolek orain landu duen txostenak erakutsi du Sepronako ikertzaileen susmoa ongi oinarrituta zegoela. Izan ere, 2020. urtean isurketen gehieneko balioa (IGB) 1.988 aldiz gainditu zuen erraustegiak. Besteak beste, NOx, COT (karbono organiko osoa), CO (karbono monoxidoa), sufre dioxidoa (SO2) eta HF (hidrogeno fluoruro) gehiegizko kantitateak atzeman dituzte.
Gehiegizko isurketa kasu horien ia erdiak (%46,88) NOx isuriak izan ziren. Errekuntza prozesuetan sortzen den gas toxikoak dira nitrogeno oxidoak, eta ozono sortzaile izateaz gain, herritarrentzat oso arriskutsuak dira, besteak beste, arnasketa arazo larriak sor ditzaketelako. Euri azido eragile eta berotegi gasak ere badira.
Albiste hau Berria egunkariko kazetari Iñaki Petxarromanek argitaratu du, eta Berria-ren webgunean irakur dezakezue osorik.