Erdialdeko etxebizitzen metro koadroak 8.000 euro balio du batez beste
Donostiako Askatasunaren hiribideko, Gipuzkoa plazako eta Hernani kaleko etxebizitzen batez besteko prezioa Espainiako Estatuko hirugarren garestiena da. Batez beste, 8.000 eurotik gorako prezioa du metro koadroak hiru gune horietan, eta %3,75 igo da prezioa azken urtean.
Soilik Madrilgo Serrano kalea (11.400 euro metro koadroko, duela urtebete baino %1 gehiago) eta Bartzelonako Gracia pasealekua (ia 10.000 euro metro koadroko, iaz baino %3,5 gehiago) dira Donostiako hiru eremu horiek baino garestiagoak. Efe albiste agentziak argitaratu du informazioa, Tecnitasa enpresa tasatzailearen ikerketa batean oinarrituta.
Halaber, Bilbo (5.750 euro metro koadroko, Euskadi plazan eta Abandoibarran) eta Barakaldo (4.700 euro metro koadroko, Foru pasealekuan, Megaparken eta BEC-en) estatuko garestienen artean daude. Aldiz, etxebizitza merkeenak Talavera de Reinan (Toledo, Espainia) daude: 350 eurokoa da metro koadroaren batez besteko prezioa. Tecnitasaren arabera, gainera, prezioek goranzko joeran jarraitzen dute.