Abegi Etxea familientzako aldi baterako aterpetxe gisa erabiliko da
Donostiako Udalak onartu du Intxaurrondoko Abegi Etxea berritzeko proiektua. Harrera sozialeko eraikina egokituko dute familientzako aldi baterako aterpetxe gisa erabiltzeko. Lizitazioaren aurrekontua 232.631 eurokoa da eta gauzatzeko epea sei hilabetekoa.
Eraikinaren barrualdea birgaituko dute, familientzako hiru logela independente jartzeko. Bakoitzak gela eta bainugela bana izango du, eta guztiek arropa garbitzeko gune komun bat izango dute. Horrez gain, eraikinaren hegoaldean, aparkalekuaren albo batean, itxitura bat jarriko dute, gainerako erabiltzaileengandik bereizteko. Gainera, haurrek jolasteko leku bat eta lasai egoteko gune bat egokituko dituzte.