Donostia ospitaleko protestekin jarraituko dute
Donostialdeko ESIko erakunde sanitario integratuko zerbitzuburuek batzarra egin zuten astelehenean 150 bat lagunek, eta erabaki zuten asteleheneroko protestekin jarraitzea. Izan ere, diotenez, Osakidetzak akordio bat lortze aldera egin dizkien proposamenek zehaztasun falta dute, eta zerbitzuburuek egindako azken proposamena bere horretan onartzea nahi dute, Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko buruak, jakinarazi duenez. Osasun sailarekin eta Osakidetzarekin duten gatazkaren harira egiten ari dira elkarretaratzeak ospitalearen atarian, abendutik.
Akordioa ixteko bost dokumentu trukatu dituzte dagoeneko langileek eta zuzendaritzak. Zubiak azaldu du Osakidetzarekin eta Osasun sailarekin izandako bileretan “borondatea” ikusi dutela, baina ez dutela lortzen adostasun batera heltzea: “Hori idazteko garaian eta konpromisoak zehazteko garaian ez gara ados jartzen”. Hala ere, euren aldarrikapenak argi dituztela nabarmendu du zerbitzuburuak: “Ez dugu etsiko, garbi dago zein diren puntuak, dena idatzita dago, eta garbi dugu zer nahi dugun”.
Bost eskaera
Zerbitzuburuek bost eskaera zehatz plazaratu zituzten abenduan, eta horiek zein egoeratan dauden azaldu du Zubiak. Lehenengo eskaera zen ospitaleko zuzendaritza medikoak ondo ezagutu zezala zentroa, eta Osakidetzak eta Osasun sailak esan diete kontuan izango dutela. Bigarrenik, eskatu zuten langileen parte hartzea bermatuko duen organo bat sortzeko, eta esan diete dekretu batek emandako irizpideen arabera bideratuko dutela hori; aldiz, zerbitzuburuek “konpromisoa” eskatu dute.
Hirugarren eskaera ardura postuak ebaluatzea zen, eta arlo horretan lan batzorde bat sortu dutela esan du Zubiak. Laugarrenik, langileen egonkortasuna hobetzeko zenbait neurri eskatu zituzten, ospitalearen erreferentzialtasunaren alde egitearekin batera; erantzun diete “ahal izanez gero” egingo dutela. Azkenik, bosgarren eskaera Onkologikoaren etorkizunaren ingurukoa zela, eta pausoak eman direla atzeman dute zerbitzuburuek. Horrela, Zubiak nabarmendu duenez, “bigarren eta laugarren puntuak falta dira”.
Hilaren 25ean, manifestazioa
ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk, UGTk eta SME medikuen sindikatuak osasun sistema publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute hilaren 25erako (12:00etan, Bulebarretik), eta Zubiak azaldu du aztertzen ari direla “kolektibo moduan” mobilizazioarekin bat egingo duten edo ez.