Elbira Zipitriari buruzko dokumental bat eskainiko du gaur ETB 1ek
Abenduaren 26an estreinatu zuten Elbira dokumentala Kursaal jauregian, eta gaur, otsailak 14, ETB 1en ikusteko aukera izango da, 22:30ean. Elbira Zipitria irakaslea (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) nor izan zen azaltzen da bertan, haren bizitzaren inguruko pasarte fikzionatu batzuen bidez. Besteak beste, Zipitriaren jatorria, konpromiso politikoa, erbestea eta irakasle gisa egindako lana kontatzen da dokumentalean.
Iaz, Zipitriaren heriotzaren 40. urteurrena bete zen, eta horren harira grabatu zuen dokumentala Baleuko ekoiztetxeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin eta babesarekin, EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Emakunderen eta Bermeoko eta Donostiako udalen laguntzarekin.
Zipitria gertutik ezagutu zuten pertsonak izango dira protagonista eta narratzaile. Honako hauek agertuko dira: Mari Karmen Mitxelena andereño, Donostiako Orixe ikastolako sortzaile eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia andereño, Donostiako Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia andereño eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe ikasle ohiak.
Teresa Lopez de Munain aktoreak gorpuztu du Zipitria dokumentalean. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo aktoreak ere agertzen dira, besteak beste.
Zipitriaren heriotzaren 40. urteurrenaren harira, IRUTXULOKO HITZAk hari buruzko erreportaje sakon bat egin zuen iazko urrian. Esteka honetan irakur dezakezue.