GHK-k dio erraustegiak ez duela urratu ingurumen baimen bateratua
Astelehenean, Ekopol taldeko kide eta EHUko irakasle Gorka Buenok egindako txosten baten ondorioak argitaratu ziren hainbat hedabidetan, eta txostenaren arabera, Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen legeak ezarritako substantzia toxikoen kutsadura maila 2020. urtean. Horri erantzunez, agiri bat argitaratu du asteartean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), esanez, errauste plantak “zorrotz” betetzen dituela ingurumen baldintzak.
“GuraSOS elkarteak eskatutako txostenean” emandako informazioa gezurtatu egin du GHK-k. Gainera, nabarmendu du ingurumen baimen bateratuaren baldintzak “Europako beste planta askotakoak baino askoz zorrotzagoak” direla. Txostenak ondorioztatzen zuen lehen bi urteetan instalazioak programatu gabeko 240 geldialdi izan zituela, eta, horren harira, kontsortzioak azaldu du erraustegiak sistema bat duela, laberako elikadura automatikoki eteteko.
GuraSOSen aurka ere jo du GHK-k, esanez elkarteak modu “arduragabean” nahastu egiten dituela errauste planta abiarazteko prozesuaren datuak eta operazio datuak, “alarma soziala” sortzeko helburuarekin. “Gogoratu behar da Ingurumen Guneak [erraustegiak], ingurumenari buruzko legeria sobran betetzeaz gain, gas kutsatzaileen emisioak araudiak ezarritako mugen oso azpitik daudela”. Are gehiago, GHK-ren arabera, 2020ko abenduan erraustegia abiarazi zutenetik, Europako legediak baimentzen duena baino %90 txikiagoak izan dira Zubietako plantaren emisioak.