La Cumbre jauregiko torturak salatzeko ekintza egin du Ernaik
Aieteko La Cumbre jauregian ekintza bat egin zuen Donostiako Ernaik atzo, hilaren 13an. Izan ere, Torturaren Aurkako Eguna zen atzokoa, eta La Cumbren torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik. Sareetan argitaratutako bideo baten bidez eman du Ernaik ekintzaren berri, eta bideoan ikus daiteke Egia, aitortza, justizia leloa daraman pintaketa egin dutela jauregiko fatxadan.
DONOSTIAN 431 TORTURA KASU GUTXIENEZ
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) February 13, 2023
– Polizia Espainolak: 222
– Ertzaintzak: 34
– Guardia Zibilak: 151
– Bestelako gorputz polizialak: 24
EZIN IZAN ZENUTEN, EZIN IZANGO DUZUE! pic.twitter.com/8o1QXxrp5L
Ernaikoek gogorarazi dute gutxienez 431 donostiarrek pairatu zituztela torturak 1960tik 2010era: 222 Espainiako Poliziak torturatu zituen, 151 Guardia Zibilak, 34 Ertzaintzak eta 24 bestelako polizia erakundeek. Halaber, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartela urte luzez torturaren epizentroetako bat izan zela salatu dute. “Ezinbestekoa da estatuak eragindako biktimen aitortza egikaritzea eta inpunitate polizialak ahanzturan ez erortzea”, gaineratu dute.
La Cumbre, memoria zentro
Iazko urrian, Memoria Demokratikoaren Legea onartzeko negoziazioetan, EH Bilduk lortu zuen Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta La Cumbre memoria zentro bihurtzea. Aieteko jauregiaren kasuan, Espainiako Gobernuaren eskuetatik Donostiako Udalaren eskuetara pasatu beharko da aurtengo urria baino lehen, eta bertan memoria historikoa lantzeko gune bat sortu beharko dute. Hain zuzen ere, horren inguruko mahai ingurua egin zuten joan den astean Donostian, nazioarteko antzeko esperientziak hizpide izanik; hedabide honek kronika batean jaso zituen mahai inguruan plazaratu zituzten ideiak.