Zurriola Ocean Center udarako ireki nahi dute
Urteak daramatza itxita Zurriola pasealekuko 41. zenbakiko eraikinak. Azkenik, ordea, Zurriola Ocean Center izango da Zurriola Maritimo zena. Kostaren eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena jaso ondoren, Donostiako Udalak erabilera lagapena adjudikatu dio izen bera duen aldi baterako enpresa elkarteari. Udarako irekitzea aurreikusten dutela aurreratu du Eneko Goia alkateak.
Lagapenaren baldintzek ezartzen dutenez, eraikina bere izaeraren arabera erabili beharko da, eta ostalaritza jarduerarako eta jarduera nautikoekin lotutako prestakuntza ikastaroak emateko eta biltegirako baino ez da erabiliko. Eraikina egokitzeko 710.000 euroko inbertsioa beharko da, eta horietatik gehienez 300.000 euro jarriko ditu udalak.
Erabilera lagapena 2033ko abuztuaren 19an bukatu daiteke, eta luza daiteke, baldin eta udalak 2042ko abuztuaren 19rako erabilgarri badu ondasuna. Ekonomia araubideari dagokionez, gutxieneko kanon finko bat izango du, gorantz hobetu daitekeena: 30.208,37 euro lagapenaren lehenengo hamar urtetan, eta 60.000 euro hamargarren urtetik aurrera. Kanon aldakor bat ere egongo da, hau da, zerga aurreko etekinei buruzko urteko %4 lehenengo hamar urteetan, eta %8 hamargarren urtetik aurrera.