Altzako bikote bat etxegabetze arriskuan dago
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak deituta, hainbat herritar elkarretaratu dira asteazken goizean Kutxabanken Garibai kaleko egoitzaren aurrean, Altzako Mari Mar eta Manuel bikotea etxegabetzeko arriskuan dagoela salatzeko. Han izan dira, Donostiako eta Gipuzkoako EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari batzuk, eta baita hainbat sindikatutako eta herri eragiletako ordezkariak ere.
Mari Mar eta Manuel pentsiodunek ordainduta daukate euren etxea, eta 42 urte daramate han bizitzen. Sandra Bon alabak Groseko lokal bat erosi eta bertan negozio bat ireki zezan, abal moduan jarri zuten etxebizitza, baina negozioa ez zen ondo joan, Bonek ezin izan zuen kuotak ordaintzen jarraitu, eta, pandemia tarteko, negozioa itxi behar izan zuen. Bonek Kutxabankekin sinatu zuen hipoteka, baina iaz, egoitza Irlandan duen Zima Finances putre funtsari 2.500 hipoteka saldu zizkion Kutxabankek 240 milioi euroren truke, tartean Bonena.
Horrela, Kutxabankek lokalaren eta gurasoen etxebizitzaren aurkako hipoteka exekutatzeko helegitea jarri zuen Donostiako epaitegietan, hamabi kuota baino gehiagoko zorra izateagatik. Higiezinen Kredituei buruzko legeak aukera ematen die bankuei zein putre funtsei etxebizitzaren enkantea eta etxegabetzea eskatzeko. Hain zuzen ere, Kaleratzeak Stopeko Rosa Garciak nabarmendu du plataformaren lehenengo helburua dela etxebizitzaren enkantea bertan behera uztea, enkantea gauzatuko balitz zaila izango litzatekeelako etxegabetzea atzera botatzea.
Halaber, plataformarekin elkarlanean dabilen Jose Mari Erauskin abokatuak salatu du kaltetuei ez zaiela aplikatzen ari Bankuen Jardunbide Egokien Kodea; alde batetik, aplikazioa borondatezkoa delako bankuentzat, eta, bestetik, putre funtsek ez dutelako kode hori sinatu. Horrez gain, azaldu dute 2.500 hipoteka horiek saldo prezioan saldu dizkiotela putre funtsari, kaltetuei prezio horretan zorra kitatzeko aukera eskaini gabe. Salatu dutenez, hori gertatu da bankuentzako erosoagoa delako hipoteka asko batera saltzea, kaltetuekin banan-banan negoziatzea baino. “Espainiako Auzitegi Gorenak argi utzi du bankuen erosotasuna lehenesten duela, herritarren eskubideen aurretik”, gehitu du Erauskinek.
Udalaren bitartekaritza
Garciak azaldu du alkatetzatik dagoeneko harremanetan jarriak direla Kutxabankekin, Altzako bikotearen etxegabetzea saihesteko bitartekaritza lanak egiteko. Horregatik, eskertuta eta itxaropentsu agertu dira plataformakoak: “Espero dugu herritarren mobilizazioarekin eta erakundeen bitartekaritzarekin,enkante hau bertan behera geratzea eta negoziazioak hastea abal emaile bikote hau Altzako bizitza osoko etxean bizitzen jarrai dezala bermatzeko”. Malkoei ezin eutsirik eta amaren eskua eutsiz, “lokalarekin gelditu daitezela, baina etxearekin ez, mesedez”, gaineratu du Bonek, bertaratutakoei eta babesa adierazten ari zaizkien guztiei eskerrak ematearekin batera.
Gogoratu behar da Donostia 2015ean “etxegabetzerik gabeko hiri” izendatu zuela udalbatzak. Ordea, iazko martxoan, etxegabetze bat izan zen Donostian: Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel Groseko bikotearena. Aurretik, hiriko eragile ugarik salatu izan dute “isilpeko kaleratzeak” gertatu izan direla eta gertatzen jarraitzen dutela. Alokairuaren igoera jasanezinen eta etxejabeen zein bankuen edo bestelako entitateen presioaren aurrean euren burua etxebizitzak uztera behartuta ikusten duten herritarren kasuak dira “isilpeko kaleratzeak”.