Donostiako Kirol Txartelaren erabiltzaileek beste 83 udalerritako kirol instalazioak erabili ahalko dituzte
Donostiak bat egin du Kirol Txartela Mugiment egitasmoarekin, Eneko Goia alkateak eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak asteazken goizean azaldu dutenez. Bi helburu nagusi ditu Mugiment Kirol Txartelak: baliabide publikoen kudeaketa hobetzea eta herritarrei kirol eskaintza handiagoa eskaintzea.
Momentuz, hiriko bi instalazio sartu dira egitasmoan: Jose Antonio Gasca eta Etxadi kiroldegiak; horrela, Kirol Txartela Mugimenten sartuta dauden udalerrietako herritarrek bi instalazio horiek erabili ahalko dituzte aurrerantzean, euren herrietako kirol txartelekin. Hala ere, Goiak eta Iturriagak adierazi dute gehiago gehitzea aurreikusten dutela. Donostiarekin, dagoeneko EAEko hiru hiriburuak daude Kirol Txartela Mugimenten barruan, beste hainbat udalerriz gain.
Zehazki, hauek dira egitasmoan dauden beste 83 udalerriak: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Arrasate, Bergara, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria, Zornotza, Bilbo, Azpeitia, Orio, Urduliz, Zumarraga, Derio, Legazpi, Abadiño, Larrabetzu, Getxo, Gorliz, Galdakao, Beasain, Ondarroa, Ordizia, Lezo, Orozko, Zalla, Gueñes, Igorre, Leioa, Balmaseda, Urretxu, Maruri, Urduña, Gasteiz, Iruña Oka, Ataun, Ezkio, Zegama, Segura, Agurain, Tolosa, Oiartzun, Ormaiztegi, Villabona, Errenteria eta Idiazabal. Horrela, horietan guztietan kirol instalazioak erabili ditzakete ostegunetik aurrera ia 45.000 donostiarrek.
Alkatea pozik agertu da Kirol Txartela Mugiment bat egin izanagatik: “Sistema berri honi esker kirol arloan zerbitzu hobea eskaintzea lortu dugu, beste sektore batzuekin egin dugun bezala, hala nola garraioaren sektorearekin, donostiarrei lurralde osoko baliabideetarako sarbidea erraztuz”. Egitasmoa 2017an abiatu zuten, eta, ordutik, 158.000 erabilera inguru izan ditu.