EH Bilduk 128 zuzenketa partzial erregistratu ditu
Donostiako 2023ko udal aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa jarri dio EH Bilduk. Era berean, 128 zuzenketa partzial erregistratu dituzte, “pairatzen ari garen krisi ekonomiko eta klimatikoari aurre egiteko eta orain arteko norabidea aldatzeko”. Reyes Carrere bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak aurkeztu dituzte udal taldearen proposamen nagusiak.
Epe motz eta ertainera begira, etxebizitza politika berri baten beharra dagoela nabarmendu dute: “Udal gobernuak hiru urte daramatza babes ofizialeko etxebizitza berririk hasi gabe eta etorkizunari begira aurreikusitako proiektuen artean, gehienetan babestutako etxebizitzetako legezko minimoak (%40) baino ez ditu bete nahi Goiak, adibidez, Hiri Lorategian. Alde horretatik, gogoratu behar da Illarran eta Infernuan %50era iritsi dela EH Bilduren zuzenketei esker”.
Horren aurrean, EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu Donostiako etxebizitzaren “arazo larria” arintzen laguntzeko:
- Donostia «etxebizitza tentsio handiko eremua» deklaratzea. Etxebizitzaren Legeak gaitzen dituen tresnak ezarri ahal izateko (etxe hutsak alokairura ateratzeko neurriak…), lehentasunezkotzat jotzen dugu.
- Loiolako Lorategi Hiria: Udalak alokairuko 64 etxebizitza publiko eraikitzea: 8.000.000 euro.
- Etxebizitza hutsak eta egoera txarrean daudenak erosi, zaharberritu eta alokatzeko programa: 2.500.000 euro.
- Maizterren eskubideei buruzko legezko aholkularitza zerbitzua: 50.000 euro.
- Gutxienez, babestutako etxebizitzen %50 bermatzea sustapen pribatu berrietan (eduki ekonomikorik gabeko zuzenketa).
Gizarte politikak “egungo egoerara” egokitzeko proposamenak ere aurkeztu dituzte:
- Abegi Etxea udal brigadak konpontzea: 110.000 euro.
- SOS Arrazakeriarekin hitzarmena sinatzea, etxeko langileei laguntzeko plana ezartzeko: 100.000 euro.
- Etxerik gabeko pertsonei laguntzeko «Inor ez kalean» plana: 300.000 euro.
- Afari solidarioak: 100.000 euro.
Klima aldaketaren aurkako borrokari dagokionez, ondorengoak dira zuzenketak:
- Bidegorri berria Askatasunaren hiribidea – Mirakruz: 750.000 euro.
- Energiari buruzko aholkularitza-zerbitzua. Bulegoak irekitzea auzoetan: 410.000 euro.
- Donostiako Eraztun Berdeari jarraipena eman eta balioa ematea: 750.000 euro.
Kirol instalazioen alorrean, hainbat proposamen egin dituzte:
- Miniestadioa berritzea: 3.500.000 euro, bi urtetan.
- Miniestadioan belar natural berria jartzea: 350.000 euro.
- Markagailu elektronikoak instalatzea Matigoxotegi, Cesar Benito eta Herrera futbol zelaietan: 150.000 euro.
Bestelako zuzenketen artetik, hauek aipatu dituzte:
- Bidebietako kultur etxe berria: 600.000 euro.
- Emakumeen Etxe Berria Eason: 1.000.000 euro.
- Eskalentegiko igogailua: 650.000 euro.
- Euskara maila guztietan doan ikasteko eskubidea bermatze bidean: 300.000 euro.
- Pandemia dela, udalak 2020an ezarri zituen eta oraindik berreskuratu ez dituen diru laguntzak berreskuratzea. “Eragile sozial, kultur elkarte eta abarrek bere diru laguntzak errekuperatu behar dituzte, ezinbesteko eragileak baitira gizarte kohesiorako eta herritarren partaidetzarako”: 550.000 euro.
- Belartzako merkataritza zentroaren eta hotelaren proiektua bertan behera uztea.