Martutenen egoera txarrean dagoen biribilgunea hobetuko du udalak
Martutene auzoan, egoera txarrean dagoen biribilguneak prest du jada berritzeko proiektua, udalak aurreikusita zuen aurrekontua igo ostean: 235.000 eurora igo dute. Prezioaren igoeraz gain, aurreko proiektuak zuen arazoa konpondu du; hau da, jada ez die titulartasun pribatuko eremuei eragingo.
Biribilgune berria apur bat iparralderantz mugituko da eta 27,6 metroko diametroa izango du. Horri esker, autobusek maniobra egin ahal izango dute. Biribilguneak orain mugatzen duten hormigoizko piezak kenduko ditu, eta lau metroko pasabidea izango du. Hala jaso du Noticias de Gipuzkoa hedabideak, udalaren iturriak aipatuz.
Urtarrilean hainbat protesta egin zituzten bizilagunek, biribilgunea hobetzeko eskatuz, baita orokorrean auzoko egoera hobetzeko eskatuz ere.