Opus Lirikaren 'Pagliacci' opera ikusi ahal izango da Kursaalen
Indarkeria matxista ardatz duen Pagliacci opera eszenaratuko du Opus Lirikak otsailaren 17an eta 18an, Kursaalen. Ruggero Leoncavallok 1892an idatzitako lan hau Opus Lirikak taularatuko duen 14. obra da, Pablo Ramosen eta Carlos Crookerren zuzendaritzapean. Pagliacci opera jeloskortasunak edo mendekuak bultzatuta mugitzen diren pertsonaia sutsuen drama da; eta heriotza ere agertzen da, “arnasik gabe uzten gaituen berehalakotasunez jantzitako kontakizun horren buruan”.
Ainhoa Garmendia sopranoa arduratu da zuzendaritza artistikoaz, eta berak antzeztuko du Nedda izeneko protagonista, Canio senarrak hilko duena. Gizonaren rolean, berriz, bi tenor ariko dira, bakoitza emanaldietako batean: Botond Odor hungariarra ostiralekoan, eta Nacho Guzman argentinarra larunbatekoan. Horiez gain, Paul Armengol (Silvio) eta Hao Weng (Tanio) baritonoek eta Aitor Garitano tenorrak (Beppe) kantatuko dute. Promusica eta Santa Cecelia abesbatzetako eta Easo Eskolaniako kideak ere bertan izango dira. Era berean, Iker Sanchez Silvak zuzenduko ditu Opus Lirika orkestrako 50 musikariak.
Opera honetarako, lau agertoki dituen eta meta-antzerkia oinarri duen eszenografia diseinatu dute, zuri-beltzak nagusi dituena.
Haurrentzako saioa
Igandean opera honen saio laburrago bat eskainiko dute haurrentzat, Opus Lirikak opera herritarrei, eta bereziki haurrei, gertutzeko duen egitasmoaren harira. Igandeko saioan, Andoni Egañak eta Xabier Lizasok hartuko dute parte.