San Bartolomeko proiektuaren aurka agertu da Erdian Bizi auzo elkartea
Donostiako Udalak bost solairuko merkataritza zentro bat eta lur azpiko lau solairuko aparkaleku bat eraiki nahi ditu San Bartolome muinoan –urtarrileko udalbatzarrean onartu zuten San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Berezia–, eta horren aurka agertu da Erdian Bizi Erdialdeko auzo elkartea.
Hainbat arrazoirengatik agertu dira kontra. Alde batetik, proiektua gauzatzeko lanek “eragin handiak” izango dituelako herritarrentzat: “Induskatu beharreko haitz bolumen izugarriagatik, eta, ondorioz, kamioien etengabeko joan-etorriagatik”. Gainera, horrek inguruko hainbat kaletako zirkulazioan eragina izango duela gehitu dute.
Bestetik, proiektuak kutsadura sortuko duela salatu dute: “Merkataritza guneko txandakako aparkalekuak zirkulazioa zailduko luke, eremu erromantikoa ‘kutsadura txikiko eremu’ gisa mugatzea eragotziz, udalak berak aurreikusten duenaren aurka. Edozein jasangarritasun irizpideren aurka, aparkalekuak zirkulazioa eta kutsadura atmosferikoa zein akustikoa areagotzea ekarriko luke, Donostiako bide saturatuenetan”.
Azkenik, salatu dute proiektuak muinoa “desnaturalizatuko” duela, “merkataritza gunearen mesedetan, edozein zuhaitz mota landatzea betiko eragotziz eta lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 legea urratuz, honek behartzen baitu zuhaitz bat landatzera edo kontserbatzera, 100 metro koadroko hirugarren sektoreko lurzorua handitzen den bakoitzean”.
Halaber, kritikatu dute udalak ez duela “justifikatu” San Bartolomeko merkataritza zentroaren beharra. Horrela, nabarmendu dute auzo elkartea “mega proiektu pribatu hau geldiarazteko borrokan” ari direla, eta hainbat eragilerekin harremanetan jarri direla horretarako. Ildo horretatik, borroka horrekin bat egitera deitu dituzte herritarrak, auzo elkartearekin harremanetan jarriz, erdianbizi@gmail.com helbidera idatzita.