Udaberrian hasiko dira Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren tunela hondeatzen
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua Pasaian egon da gaur, eta jakinarazi du udaberrian hasiko direla Altza eta Galtzaraborda lotuko dituen topoaren saihesbideko tunela hondeatzen. Proiektua burutzen dutenean, Pasaiak lur azpiko geltoki berri bat izango du.
“Seguruenik, maiatzean hasiko gara etorkizunean topoak zirkulatuko duen tunela hondeatzeko lanekin. Izan ere, dagoeneko 150 metro zulatu ditugu Sasuategiko ahotik lineako tunelari eraso egiteko galerian, eta, beraz, 180 metro falta zaizkigu lotunera iristeko. Puntu horretatik tunela Pasaia aldera zulatzen jarraituko dugu”, azaldu du Arriolak.
Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea bukatzen dutenean, osatuta geldituko da 2016ko irailean topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Arriolaren arabera, horri esker, topoak 7,5 minutuan behineko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei. 64,1 milioi euroko aurrekontua dauka proiektuak.