Uraren kudeaketan eta galeran adituak diren mundu guztiko espezialistak bilduko dira Donostian
Donostiako Kursaal jauregia Water Loss konferentziaren egoitza izango da, 2024ko apirilaren 14tik 17ra. Bertan, uraren galeraren kudeaketan izandako aurrerapenak, teknikak eta estrategiak aurkeztuko dituzte. 2002. urteaz geroztik, bi urtetik behin antolatzen du konferentzia hau Ur-galeretako Espezialisten Taldeak (WLSG). Donostiako Udalak azaldu duenez, ur-galerei buruzko munduko konferentziarik “garrantzitsuena” da.
Kursaalen egingo dituzten saioetan, aztergai izango dituzte, besteak beste, isuriak atzemateko azken teknikak, sarearen monitorizazioa, ura neurtzeko sistemak, sareetan adimen artifiziala erabiltzeko modua eta uraren kudeaketa, bai eta arlo honetan munduan izan diren arrakasten eta porroten analisia ere.
Donostiako konferentziaren webgunean (www.waterloss2024.org) dagoeneko eskuragarri dago hitzorduari buruzko informazioa. Kursaaleko hitzordura mundu guztiko 350 espezialista inguru bertaratzea espero da. Batzorde antolatzaile bat eratu da, Fernando Perez Donostiako Udaleko Uren Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuaren burua gidari dela, eta honako hauen laguntza izango du horretarako: Francisco Arregui (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa), Maddi Garmendia (Euskal Herriko Unibertsitate Politeknikoa), Andres Martinez (Donostiako Udala), Fernando Morcillo (AEAS), Cristina Lage (Donostiako Udaleko zinegotzia) eta Ainhoa Lete (BuntPlanet).
Donostiako datuak
Donostiak 465 kilometro hodi ditu guztira, eta 13.193 hartune, guztira, hodi horien ibilbide guztian zehar.
Joan den urtean bakarrik, 14 milioi metro kubiko ur gastatu ziren hirian. Udalaren arabera, “hiriko ura banatzeko sarearen errendimendua ezin hobea da, %86 inguru, eta, beraz, ur galerak %14 inguru direla kalkulatu da”. Horietatik %9,2 “benetako galerak” dira, matxurek, hartuneek eta gainerakoek eragindakoak; eta gainerako %4,8 neurketetan izandako akatsek edo sareko iruzurrek eragindako galerak.