Donostiako ekipamendu eta bulegoetako desfibriladoreen mapa bat osatu dute
Donostiako ekipamendu eta bulego publikoetako zein enpresa eta zentro pribatuetako desfibriladore guztiak jasotzen dituen mapa bat osatu du Donostiako Udalak, Osasun Publikoko Zerbitzuaren bidez. Mapa hori udalaren webgunean eta geoEuskadi aplikazioan ikus daiteke.
Udalaren arabera, gaur egun 211 desfibriladore inguru daude Donostia osoan, eta ia aparatu bat dago 1.000 biztanleko. “Kopuru hori estatuko batez bestekoaren hirukoitza da, baina oso urrun dago Alemania, Erresuma Batua edo Frantzia bezalako herrialdeen kopuruetatik”, jakinarazi du.
KDA asko (kanpoko desfibriladore automatikoak) kirol edo kultura instalazioetan daude, ekipamenduaren funtzionamendu ordutegiari lotuta. Beste batzuk merkataritza guneetan, hoteletan eta kudeaketa pribatuko hainbat lekutan daude.
Kasuistika kontuan hartuta, gauez erabiltzeko desfibriladoreak kalean jartzeak ez duela presa handirik uste du udalak: “Bihotz-biriketako gorabeheren kasuistika kontuan hartuta (orain dela urte batzuk ondorioztatu zen %1 bakarrik gertatzen direla gauez eta bide publikoan), jotzen da ez dela presakoa horrelako aparatuak bide publikoan jartzea gauez erabiltzeko, desfibriladoreak egunean zehar toki publiko edo pribatuetan erabil daitezkeen ordutegitik kanpo”.
Era berean, nabarmendu du bihotz-biriketako geldialdien %80 inguru etxean edo bide publikoan gertatzen direla, eta bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) kasuen %25-i aplikatzen zaiela, “gehienez”. Hori dela eta, uste dute “garrantzitsua” dela aparatu horien erabilera gehiago zabaltzea, “gaixoaren biziraupena ahalbidetzeko”.