Egian ere etxe turistikoei mugak jartzen hasiko dira
Hilaren 28an egingo dute auzo asanblada Teila Fabrikan (19:00), auzokoei gida aurkezteko eta dinamikaren berri emateko.

Gure Auzoan Bizi Nahi Dugu egitasmoa abiatu dute Egia Bizirik auzo elkarteak eta Egiako Etxebizitza Sindikatuak, “etxebizitzak bizitzeko” direla aldarrikatzeko, eta “ez negoziorako”. Egia “auzo bizia” izatea dute helburu, “turistifikazioari eta merkantilizazioari aurre” egingo diona eta “guztiontzako bizitza duinak erdigunean” jarriko dituena.
Horrela, etxebizitza turistikoei mugak jartzen hastea izango da egitasmoaren lehenengo pausoa. Izan ere, gogorarazi dute 2022an Donostiako etxe turistikoen eskaintza nabarmen igo dela, eta horrek eragina duela hiri osoan, baita Egian ere: turistifikazioa, alokairuaren garestitzea, saturazioa, eta abar. Hain zuzen ere, Airbnb bidez eskaintzen diren etxe kopurua pandemia aurrekoa baino handiagoa da orain; hedabide honek gaia sakonki landu zuen urtarrilean, datuak zein arazoari aurre egiteko proposamenak eta ereduak azaleraziz.
Horren guztiaren aurrean, hainbat tokitan egin duten moduan, bizilagunen komunitateek euren blokeetan etxe turistikoak debekatzeko “tresna aktibatu” egingo dutela iragarri dute. Izan ere, komunitate bateko etxejabe gehienak ados jarriz gero, komunitatean jarduera ekonomikoak –etxe turistikoak barne– debekatzeko aukera dago, estatutuak aldatuta. Berriki, Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak gida bat plazaratu du jarraitu beharreko pausoekin, eta Grosen zabaltzen ari da. Egian, dinamika hori zabaltzeko helburuarekin, asanblada ireki bat antolatu dute hilaren 28rako; Teila Fabrikan egingo dute, 19:00etan.