Arantza Gonzalez izango da Donostiako Udalerako Ezker Anitzaren hautagaia
Ezker Anitzak maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako Donostiako Udalerako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkeztu ditu. Arantza Gonzalez Garcia Gipuzkoako koordinatzailea eta Elkarrekin Gipuzkoako batzarkidea izango da Donostiako hautagaia. Zehazki, Ezker Anitza, Ahal Dugu eta Alianza Verde alderdien koalizioko zerrendako bigarrena izango da pasaitarra. Bestalde, Juan Luis Merino Sanabria, Ezker Anitzako komunikazio idazkaria, bigarren postuan joango da Donostialdeko barrutian, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendan.
Gonzalezek adierazi duenez, “EAJk eta PSE-EEk zortzi urte daramatzate udalean eta Batzar Nagusietan aplikatzen dituzten politika neoliberalen aurrean alternatiba bat dago, eta alternatiba hori da koalizioko hiru alderdiok ordezkatzen dugun euskal ezkerraren ekintza batasuna. Koalizioa irekia dago pertsona guztientzako bizitza duina bermatuko duen Gipuzkoa eta Donostia eraiki nahi duten beste erakunde batzuentzat”.
Gonzalezen esanetan, bizi dugun uneak “erantzun argiak eta sendoak” behar ditu “enpresa handien zikoizkeriaren aurrean langileen eskubideak defendatzeko; eraso erreakzionarioetatik borroka feministarekin lortutako eskubideak defendatzeko; eta ingurumena eta lurraren eskubideak defendatzeko, gutxi batzuen onura baino bilatzen ez duen sistema ekonomiko harrapari batetik”.
Alderdiaren arabera, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta etxebizitza ez dira pribilegioak, guztion berdintasuna bermatzen duten eskubideak baizik. Beraz, “horiek defendatzeko eta zabaltzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu”, esan du Gonzalezek.