"Bat-batean ni neu izan naizen proiektu bati agur esatea, ez da erraza"
Zarauzko Garoan eman zituen lehen pausoak, eta duela bost urte bere liburu denda propioa ireki zuen Tabakaleran: Tobacco Days. Egian hasitako ibilbidea Groseko Sekundino Esnaola kalean jarraitu zuen, eta azken hiru urtean "auzoko liburu denda" izan da. Orain, atal hau ixtea erabaki du; astelehenean irekiko du azken aldiz bere denda. Bere proiektu pertsonalaren agurrean mahai gainean jarri nahi izan ditu langile autonomoen baldintza gogorrak eta Donostian edozein denda edo proiektu abian jarri ahal izateko trabak.
Ines Garcia Azpiazuk (Zarautz, Gipuzkoa, 1986) zortzi urte eta erdi egin ditu liburuzain moduan. Zarauzko Garoan eman zituen lehen pausoak, eta duela bost urte bere liburu denda propioa ireki zuen Tabakaleran: Tobacco Days. Egian hasitako ibilbidea Groseko Sekundino Esnaola kalean jarraitu zuen, eta azken hiru urtean «auzoko liburu denda» izan da. Orain, atal hau ixtea erabaki du; astelehenean irekiko du azken aldiz bere denda. Bere proiektu pertsonalaren agurrean mahai gainean jarri nahi izan ditu langile autonomoen baldintza gogorrak eta Donostian edozein denda edo proiektu abian jarri ahal izateko trabak.
Nola hartu duzu Tobacco Days ixteko erabakia?
Barne prozesu bat izan da, erabaki luze bat. Agian ez da hain agerikoa proiektu batek zer neke dakarren. Bost urte eta erdi daramat denda kudeatzen, nik bakarrik. Esfortzu handia eskaintzen nion, baina ez nuen bizitzaz gozatzeko denbora askorik ere, ezta soldata duin bat ere. Oso proiektu polita da, eta izugarria izan da liburu artean pasatzea urte hauek, ez naiz batere damutzen. Ordea, gauza asko kudeatu behar dira; hasieran baduzu energia aurrera egiteko, baina denbora pasatu ahala…
Zama handiegia da?
Bai, motxila betetzen doa pixkanaka, eta gero eta pisutsuagoa bihurtzen da. Gabonetako kanpaina oso ona izan zen; aurreko urtean ere oso gustura egon nintzen dendan, Liburuaren Eguna ere zoragarria izan zen… Nahiz eta gauzak hobeto joan, lan karga ere handitzen joan da; horrek gehiago nekatzen zaitu. Zer gertatzen da horrelako proiektuekin? Hau espazio txiki bat da, ez da diru nahikoa egiten beste pertsona bat kontratatzeko. Ezin izan dut lan karga banatu, ez du ematen.
Nire hasierako ideia zen pixkanaka proiektu hau amaitzen joatea. Autonomo izateari utzi nahi nion. Egun, buruhauste asko ematen dizkizu, eta nik soldatapeko lana egin nahi nuen. Lortu dut; lan hori agertu da nik uste nuena baino askoz azkarrago, eta horregatik azkartu da dena. Aukera suertatu da, eta aurrera egin dut, baina dolu bat bizitzen ari naiz momentu honetan. Bat-batean ni neu izan naizen proiektu bati agur esatea, ba, ez da erraza.
Atal bat ixtera zoaz, eta jada ireki duzu beste atal bat, lan berrian.
Usurbilgo turismo plana kudeatzeko ardura hartu dut. Oso gustura nago, kulturarekin harreman estua du lan berriak. Bueno, gainera, graziosoa da, nik Turismo ikasketak egin bainituen! Nik lasaiago bizi nahi nuen, lanordu gutxiago egin, eta aukera paregabea iruditzen zait lan hau.
Kulturarekin harremantzeko beste modu bat izango da. Orain, irakurtzeko denbora izango dut. Liburuekin izan dudan harreman hori mantendu nahi dut. Ez da izango liburuak saltzea bizirik irauteko, baina beste modu batera izango da, eta horrek ilusio handia egiten dit: plazeragatik irakurtzeak, denborarekin irakurtzeak… Saltsan jarraituko dut, liburuek saltsa pila bat daukate, eta hori aprobetxatu behar da!
Liburuek bide asko irekitzen dituzte…
Bai! Konturatu gabe, konexio asko egin ditzakezu liburuen bidez, ea zer ateratzen den!
Zuk musika eta irakurzaletasuna lotu zenituen!
Lagun batek esaten zidan ni nintzela liburuzain egunez eta DJa gauez. Banatuta dauden bi mundu dira, baina gero eta gehiago elkartzen ari dira. Duela gutxi Edit izeneko liburua irakurri nuen, Caniche argitaletxearena. Egileak hausnarketa pila bat egiten ditu klubean dantza egitearen inguruan, perspektiba oso filosofiko batetik. Liburu asko kaleratzen ari dira La Ruta-ri buruz, rave-aren mugimenduari buruz… Musika elektronikoari buruzko liburu asko argitaratzen ari dira, eta, begira, irakurle moduan ere lasai irakurri ahal izango ditut.
Orain bi lanak egiten ari zara aldi berean. Nola daramazu?
Usurbilen, lan berri bat ikasten ari naiz, eta, liburu dendan, jada egiten dakidan lan batez agurtzen ari naiz. Asko etortzen ari dira dendara agurtzera, eta euren tristura erakustera. Eta, emozionalki, ez da erraza. Badago prozesu bat agur esatekoa, luzea dena, baina pasatu behar dena. Proiektuaren parte bat da. Martxoa beste hilabete desberdin bat izango da. Orain hau tokatzen da, eta ahal dudan moduan eramango dut.
Agurra iragarri ondoren, nola erreakzionatu du jendeak?
Zoragarria da. Egunotan jasotzen ari naizen maitasuna oso hunkigarria da. Pentsatzen duzu, bueno, liburu denda bat da, komertzio txiki bat da, azkenean ez da gauza ikaragarri bat, baina horrelako proiektu txiki batek sortu dezakeen komunitatea, eta horrelako momentu batean sortzen duen erantzuna horrelakoa izateak hunkitzen nau pila bat.
Niri gehien hunkitzen nauten bezeroek ez dute sare sozialik, adinekoak dira. Babes digitala izan dezakezu, jarraitzaileak izan, jendeak mezuak bidaltzea, Instagrametik egin eskaerak… Baina egunero dendara etortzen zaizun jendeak esaten dizunak kristoren balioa du. Pertsonen arteko tratu hori oso garrantzitsua da. Niri horrek eman didan poza askoz ere handiagoa da. Beldurra ematen dit bezero batzuei esatea itxiko dudala, badakit-eta pila bat hunkituko naizela. Dendara datoz, bizitzari buruz hitz egiten dugu, eta denbora pasatzen dute dendan, lasai datoz. Etxeko egongelaren kontzeptu hori da liburu denda, lasai egoteko tokia, eta adineko jendea etortzen zaizunean, liburuekin erlazio super polita duena, eta eskertzen duena pila bat zure lana… horrek asko-asko hunkitzen nau.
Zenbat jende ezagutu duzu?
Asko! Gainera, oso arlo desberdinetakoa. Argitaletxeetako langileak, idazleak… Itzultzaile asko etorri izan dira dendara, eta haiei esker gauza asko ikasi ditut. Nik azken produktua jasotzen dut dendan, baina horren atzean dagoen prozesu guztia ezagutzeko oso modu polita izan da lan hau. Nik ahal dut saiakera edo eleberri bat irakurri eta beste norbaiti azaldu, baina horren atzean dagoen lan guztia oso gutxitan ezagutzen dugu, eta dendak eman dit aukera liburuen tripa horiek guztiak ondo ezagutzeko. Azkenean, liburu denda bat bada bi munduak elkartzen diren tokia: liburuaren atzean dagoen hori guztia eta irakurlea, eta hori guztia ezagutzea oso guaya da.
Bereziak izan diren bisitak gogoan al dituzu?
Behin, Servando Rocha La Filguerako editorea etorri zen. Idatzi zuen saiakera bat maskarei buruz, eta Tabakaleran aurkeztu genuen. Oso jende gutxi etorri zen, eta pena eman zidan, baina oso polita izan zen. Maskarak ekarri zituen, erritual bat egin zuen… Sabina Urraca etorri zenekoa ere gogoan dut. Eta Afinidades Electivas egitasmoaren barruan, Eider Rodriguez eta Mariano Peyrou izan ziren Geralds tabernan. Niretzat oso ekitaldi guay bat izan zen. Guztietatik ikasi dut. Katakraken ‘Borrokalari transgeneroak’ liburuaren aurkezpenera, adibidez, jende pila bat etorri zen. Gainera, jende gaztea zen, eta, pentsatzen duzu, ze ondo; eta esperantza ere berreskuratzen duzu. Gero, asko gustatzen zaizun idazle bat etortzen da, eta bi pertsona datoz ikustera… eta, bueno,… Baina denetik ikasten duzu, publiko gutxi edo asko izanda ere. Daukazu aukera idazlea izateko aurrez aurre eta elkarrizketa bat izateko, jada ez da aurkezpen bat. Ni beti saiatu naiz ikuspegi baikor batetik begiratzen ekitaldietan gertatutakoari, beti ikasten delako.
Sektorearen egoera, eta idazle zein editore askorena ezagutu ahal izan duzu. Nolakoa da?
Liburu denda negartegi bihurtzen da nolabait [barrez]. Konturatzen zara argitaletxe txikiek eta guk arazo asko ditugula berdinak. Nahiz eta lan desberdinak egin, miseria asko konpartitzen ditugu. Euren arazoak eta pozak kontatzen dizkizutenean, ba, animatzen zaitu aurrera egitera, edo zure egoera hobetzeko balio ahal dizu.
Zure ustez, zein da arazo nagusia?
Prekarietatea. Liburuen negozioa ez da armen negozioa, ez da Apple. Begira, Jeff Bezosek atera zion probetxua liburuei, Amazon sortuz; bera izango da munduan liburuekin aberastu den bakarra! [barrez]. Baina horretaz aparte, egia da liburuen mundua ohitua dagoela modu apal batean bizitzera, eta hori errealitate bat da. Ezin diogu eskatu liburuen munduari sekulako dirutza egitea. Horrelako egoera batean bizitzea normaltasuna da guretzat, kultura arloan ere bai. Badaude argitaletxe oso indartsuak, dirutza egiten dutenak, baina ikusten baduzu argitaletxe txikien egoera… ba, oso-oso apala da. Eta orain gehitu behar diogu paperaren krisia. Liburuaren prezioa ere igotzen ari da, baina noiz arte aguantatu ahal izango dituzte argitaletxeek prezioen igoera hauek? Nabaritzen da gero eta gutxiago egiten direla azal gogorreko liburuak, paperaren gramajea ere txikiagoa dela… Gainera, argitaletxe txikiek ondo ordaindu nahi dituzte itzultzaileak, diseinatzaileak… Jakinda egoera zein den, eurek ere ez dute prekarietatea erreproduzitu nahi. Nik ikusi dut, nahiz eta egoera kaskarra izan, badirela saiatzen direnak etikoki proiektu justuak izaten. Inplikazio politiko bat badute argitaletxe txiki eta independenteek, eta hori ere erakutsi behar duzu prozesu guztian zehar.
Edizio landuagoak egiteko gero eta zailagoa izango da aurrekontu apalagoak dituztenentzat…
Bai, noski. Egia da baita ere, paperaren krisiaren harira, gehiago kontrolatzen dela zer argitaratzen den. Hau ere kontuan hartu behar dugu: liburu gehiegi argitaratzen dira, astakeria bat da. Ez dago nahikoa irakurle horrenbeste liburu irakurtzeko. Baina, nork kontrolatuko du zenbat kaleratuko dituen? Planeta bezalako argitaletxe batek? Ez, noski. Arazoak beti berdinentzako dira.
Arazoez hitz egin dugu, baina pozak ere izango ziren.
Bai, noski. Oso momentu zoriontsuak ere izan ditugu. Editoreekin egin ditudan liburu aurkezpenak, eta beraien lana gertutik ezagutzea ederra izan da. Gainera, editore txikiekin lan egiten duzunean, badakizu euren lerro editoriala oso konkretua dela, eta deskubritzen dituzun harribitxiak ikaragarriak direla. Euren ikerketa lana, eta aukeraketa lana zoragarria da. Liburu bereziak deskubritzea eta liburu horiek egiten dituzten pertsonak ezagutzea izugarria da. Azkenean hori eman dit liburuzain izateak: jendea ezagutzea, eta euren istorioak ezagutzea. Horrela asko ikasten da.
Garoa liburu dendan hasi zinen. Nola gogoratzen dituzu lehen pauso horiek? Nola lagundu zizun zuri liburuen munduan sartzen?
Nik aurkezpenetan ikasten nuen pila bat, jendea aurrez aurre ezagutzen nuenean. Gainera, askotan, idazleak eta argitaletxeak liburu dendetara doaz bezero moduan. Beraiekin harremanetan egoteak erakusten dizu sektorea, euren lana, eta literaturaren mundua baita ere. Horrek asko lagundu zidan. Lanean ere asko ikasi dut.
Jendeak eskatzen zizkidan idazle batzuen liburuak, eta nik ez nituen ezagutzen. Hasieran baduzu iruzurtiaren sindromearen moduko bat… Zortzi urteren ondoren, konturatzen zara ezinezkoa dela liburu guztiak ezagutzea. Pixkanaka, bazoaz merkatua ezagutzen, eta zuri gustatzen zaizkizunak ezagutzen. Gutxieneko batzuk bai, ezagutu behar dituzu, baina egiten ikasten da, eta jendea ezagutzen duzunean baita ere. Bezeroek ere gomendioak ematen dizkizute, eta asko laguntzen dit horrek. Informazio asko xurgatu behar duzu.
Adibidez, aurrekoan Paula Agiriano itzultzailea etorri zen. Frankfurteko liburu azoka garrantzitsu batean izan da, eta azokako saltsa kontatzeko eskatu nion, noski! Beti pentsatzen dugu mundu hau aspergarria dela, baina gauza pila bat gertatzen dira, oso entretenigarria da.
Zure apustua izan da hautaketa pertsonal bat eskaintzea irakurleei. Urtez urte zure irizpideak aldatzen joan dira?
Argitaletxe gehiago gehitzen joan naiz. Bueno, baten bat kendu dut euren itzultzaileei ez zietelako ordaintzen, baina, bestela, badaude argitaletxe fetitxe batzuk beti egon direnak. Berriak ere sortu dira, eta oso material ona sortzen ari dira. Sare sozialak oso lagungarriak izan dira lan honetan. Zuk jarraitzen duzun idazle batek gomendioak egiten baditu, hari horretatik tira egin, eta topatuko dituzu beste hogei mila gauza. Niretzat, hori da lanik politena, hautaketarena, liburuen curator [hautatzaile] bat izatea. Badakit filtro oso pertsonala dela, eta, ba, batzuetan muga horretatik pasatzen naiz, liburuak saldu egin behar direlako, baina egia da gaur egun jendeak aipatzen didala aukeraketa oso berezia dela, asko gustatzen zaiela, eta zer ongi hori topatzea. Apustu pertsonala zen, baina, begira, badirudi jendeari gustatu zaiola. Liburu dendan saiatu naiz soilik nobedadeak ez izaten, aukeraketa gehiena nik egin dut eskuz. Beti egon dira liburu nahiko zaharrak, nire gustukoak direnak. Fondoko liburutegi bat izan dut beti. Horren erritmo azkarra da nobedadeena, liburu asko linbo arraro batean geratzen direla, eta pena bat da.
Burutik pasa zaizu norbaiti ematea dendarekin jarraitzeko aukera?
Alde batetik, pentsatu nuen: nik hasi nuen hau, nik amaitu behar dut. Gero, buelta bat eman nion, agian norbaiti interesatzen zaio honekin jarraitzea?, baina alokairuaren kontratuan jartzen zuen ezin nuela eskualdatu. Halere, arraroa izango litzateke Tobacco Days beste pertsona batek kudeatzea, proiektu horren pertsonala izanik. Uste dut batzuetan istorioak amaitu egin behar direla, eta listo.
Zure proiektua abian jarri zenuenean galdetu nizun ea egun liburu denda bat irekitzea ideia erromantiko bat zen. Esan zenuen kontziente zinela erabaki ausart bat zela, baina bazenuela gogoa bide hori egiteko. Orain desberdin ikusten duzu?
Ez dut iritziz aldatu, baina testuingurua garrantzitsua da. Faktore batzuek ez dute laguntzen. Lokal merke bat lortzeko aukera baduzu hiriko espazio ikusgarri batean, ba, aurrera. Baina oso konplikatua da. Langile autonomoen kuotak ere bai. Bi horiek buruko min bat izan dira. Komertzio txikiarekin zer gertatzen da? Zuk hilabete batean egin dezakezu diru dezente, baina hurrengoetan izan daiteke kalamitate bat. Eta, horrek antsietatea sortzen du. Zuk badakizu alokairua ordaindu behar duzula nahiz eta hilabete oso txarra izan, eta autonomoen kuota ordaindu beharko duzula baita ere. Gainera, gutxieneko kuota altua duzu, nahiz eta diru sarrerak apalak izan. Eta, gaixotzen bazara, ezin duzu bajarik hartu.
Niretzat, momentu berezia izan zen koronabirusa izan nuenean. Ezin izan nuen lanera joan hamar egunez. Eta lagun batzuk joan ziren denda irekitzera, ni laguntzeko, eta horregatik oso eskertuta nago. Baina hor niri zerbaitek krak egin zidan. Ezin badut ireki gaixo nagoelako, zer? Edo oporren kontua baita ere. Kasik errudun sentitzen zara oporrak hartzeagatik. Karga mental batzuk kudeatzea ez da erraza. Eta, gainera, bakarrik kudeatzen baduzu, ba, ez duzu ordezkorik. Sendo egon behar duzu horren aurka borroka egiteko ia hilero.
Egoera ondo aztertuta, posible al da proiektu bat abian jartzea?
Alokairuaren garestitzeak asko mugatuko du proiektu berrien sorrera, eta are gehiago Donostia bezalako hiri batean. Lokal egoki bat topatzea zure dendarentzat funtsezkoa da. Ikusgarritasuna behar duzu. Pena da, hiri honek proiektu interesgarri pila bat izan ahalko lituzke, baina alokairu garestiek ez dute horretarako bide ematen. Etxebizitzarekin ere gauza bera: hiritik kanpo botatzen gaituzte, bizi behar dugu hiriko erdigunetik kanpo… Negozio batzuek behar dute kaleko jendea, eta jendea pasatzea egunero, zure bezero izateko. Formula bat badago, baina ezin dugu formula horren parte izan, soilik pribilegiatu batzuk ibili daitezke hor.
Liburu dendak eta kultura zaindu egin behar dira, kultura guztiz beharrezkoa da gizarte honetan. Badaude hainbat produktu salduko direnak bai ala bai, baina kulturak zaintza berezia behar du. Ez badira zaintzen, pikutara joango dira, eta soilik kate handiak geratuko dira.
Liburu dendak aipatzen direnean, eta jada ia edozein sektoretan, beti ateratzen da Amazonen kontua. Amazonek liburu dendak desagerraraziko ditu? Zuri zer iruditzen zaizu?
Nik nire bezeroengatik ikusi dudana kontuan hartzen dut. Bai, bezero batek eros dezake liburu zehatz bat Amazonen, ez duelako beste inon topatzen, eta eskuragarri daukalako plataforma horretan. Baina liburu denda txikietako bezeroek liburu dendetan egiten dituzte erosketak, orduan, ez dut uste guretzat horren lehia handia direnik. Amazonek Oiartzunen pabiloi erraldoi bat ireki behar zuenean, elkarrizketatu ninduten, eta azaldu nuen Amazonen liburu salduenen zerrendan ez daudela nik saltzen ditudanak. Orduan… ez dut uste niretzat arazo handia denik, baina egia da orokorrean eta merkatuari kalte handia egiten diola, zalantzarik gabe. Imajinatzen dut, ba, kaltegarriagoa izan daitekeela txirgogailuak saltzen dituen denda batentzako, horrelako produktuak askoz gehiago saltzen direlako liburuak baino. Gero, egia da La Casa del Librok eta Amazonek %5eko deskontua egiten dutela. Deskontu txiki bat da, baina balio du jendea erakartzeko. Legalki egin daitekeen deskontu bakarra da, ilegala baita prezioa garestitzea edo gehiegi merkatzea. Liburuaren eguna da salbuespen bakarra, egun horretan %10eko deskontua egin daiteke.
Argi dago, Amazon gaizkia da, eta munduko paper gehiena eurek erabiltzen dute bidalketak egiteko. Orain online horrenbeste erosten dugu, paper hori guztia kaxa horietarako erabiltzen dela. Liburuak online erosten badituzu, ari zara paper gehiago erabiltzen, eta liburuen prezioa garestitzen. Guretzat zeharka izango da kaltegarria, baina uste dut beste batzuentzat okerragoa izango dela.
Pandemia ostea nolakoa izan da?
Pandemian liburu pila bat saldu ziren, eta jendeak liburu mordoa irakurri zuen, urrezko aro moduko bat izan zen. Niri, ordea, momentu arraro batean harrapatu ninduen: Tabakalera itxita zegoen, eta justu Groseko lokalera joan nintzen. Baina, orokorrean, gizartean nabaritu zen liburuekiko interes handiagoa. Halere, liburu denda txikien biziraupena ez da erraza egun, eta zaharrak direnena ere ez. Liburu denda txiki eta independente batek aurrera egin ahal izateko lan baldintzak ez dira egokiak. Nik nahiago izan dut gelditu, eta atseden hartu.
Txikitatik izan zara irakurzalea?
Bai, gurasoek pila bat irakurtzen dute. Etxeko egongelan beti altzari berbera izan dugu, liburuz beteta. Etxez aldatu ginen, eta halere berbera mantendu zuten. Liburu pila bat apaletan, hiru ilara gutxienez, bata bestearen atzean. Azkenean, Marie kondo pixka bat egin zuten!
Betidanik ikusi ditut irakurtzen. Eta amak beti esaten zidan, ‘irakurri hau’. Berak ematen zizkidan liburuak. Gero, badaude faseak, baina beti izan ditut liburuak gertu. Noski, liburuekin lan egiten hasten zarenean desberdin irakurtzen hasten zara. Zure irakurketak helburu bat dauka, gomendatu eta saldu egin behar duzu. Orduan, plazeragatik irakurtzea ez da hainbestetan gertatzen. Badaude hainbat liburu bizarroak direnak, eta ezin dituzunak gomendatu, baina, bueno, egia da batzuetan gomendatu izan ditudala, eta jendeari asko gustatu zaizkiola.
Ba al dira txikitan markatu zaituzten liburuak?
Xolaren liburuak, Atxagarenak, pila bat gustatzen zitzaizkidan. Jim Botón y Lucas el maquinista, Michael Enderena. Oso erreferentzia indartsuak izan ziren bi horiek. Eta Roald Dahl-en liburuak, noski. Haur eta gazte literaturan… halakorik ez dakit egon den, ezta egongo den ere. Berak sortzen zuen fantasiazko unibertso hori zoragarria da niretzat.
Zeintzuk izan dira zure liburu erreferenteak?
Badago liburu bat, Maus, Art Spiegelmanena. Klasiko bat da, eta beti aipatuko dut. Der Klang der Familie ere bai, Berlingo musika elektronikoaren eszenari buruzkoa, beti daramat nirekin. Milan Kunderaren La insoportable levedad del ser ere iruditzen zait super klasiko bat. [Alessandro] Bariccoren liburuak ere orokorrean asko gustatzen zaizkit.
Baina egia da niri liburu ilun samarrak gustatzen zaizkidala. Sara Mesa onenetako bat da niretzat, punta-puntakoa. Kaliforniako Richard Brautigan idazleak sortzen zituen munduak ere asko gustatzen zaizkit. Maria Bastarosekin ere asko gozatu dut; asko gomendatu eta saldu dut bere Historia de España contada a las niñas liburua. Horiek izan dira erreferente indartsuak. Eider Rodriguezen liburuak ere bai, eta baita Hasier Larretxearen Larre motzetik ere. Irakurketa garrantzitsuak izan dira niretzat.
Eta, bezeroek ba al dute erosten duten guztia irakurtzeko denbora?
Liburuzainok irakurtzeko tentazioa sortzen dugu. Eta jende askok esaten dit, ‘jo, kristoren liburu pila daukat irakurtzeko, baina hau eraman egin behar dut’. Tsundokuak [japonieraz, liburuak pilatzea] beharrezkoak dira liburu dendak existitzeko! [barrez].
Jubilatuak etortzen direnean asko nabari da, irakurtzeko denbora daukate. Denbora librearen kontua arazo bat da gizartean. Gero eta ordu gehiago ematen ditugu lanean, eta beste aisialdi mota batzuk lehenesten ditugu: ikus-entzunezkoen plataformak. Hori lehia handia da. Bezero gehiago kentzen dizkit Netflix-ek Amazonek baino, aisialdirako denbora lapurtzen digutelako. Denoi gertatzen zaigu; berandu arte egiten dugu lan, eta irakurtzea esfortzu bat da: eseri behar duzu, burua lasai izan behar duzu irakurri ahal izateko. Irakurketa batek exijitzen du egoera zehatz bat, eta, gaur egun, gero eta gutxiago gauzatzen da hau.
Baditut lagunak goizean lehenago esnatzen direnak, irakurtzen dutelako gosaltzen duten bitartean. Ohitura hori zoragarria iruditzen zait. Egia da behin esfortzu hori eginda, gero zure ohituretan sartzen duzula, eta nik hau pertsonalki ere bizi dut.
Irakurtzera ohitu behar duzu, zure egunerokotasunean lortu irakurtzeko tarte bat hartzea.
Berehalakotasunaren kulturan bizi gara, eta irakurketa horren aurkako erresistentzia bat da. Bizitzeko ezarri diguten praktika horren kontra egitea da. Mundu paralelo batean zentratzeko modua ere bada: alde batera uzten duzu zure inguruan duzun guztia, eta beste istorio batean zentratzen zara.
Maria Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ filma eman zuten larunbatean Tabakaleran, eta Elorzak galdera hau botatzen du hasieran: liburuek hil egin gaitzakete ala bizitzen laguntzen digute? Zuk dendan salgai jarri zenituen poltsek ‘Liburuek ez dute inor hil’ zioten…
Bai, kontatzen dute nola euren etxeko liburuen apal bat erortzen den, eta ia Mariaren ama hiltzen duen. Gogoratzen naiz liburu denda ireki nuenean leloari bueltak eman genizkiola. Gureak tabako fabrikarekin zuen lotura. Tabakoari egin nahi genion erreferentzia, eta Fumar mata ezaguna positibatu nahi genuen. Erretzeak hil egiten zaitu, baina irakurtzeak ez. Irakurtzeak ematen duen bizitza aldarrikatu nahi genuen. Iaz, Luna Miguelek Leer mata saiakera kaleratu zuen, eta bertan kontatzen du ia hil beharrean aritzen dela irakurtzen. El nombre de la rosa liburuan ere hiltzen dira batzuk. Baina bueno, orokorrean liburuek bizitza ematen dute, eta bizitza berriak sortzen dituzte.
Tabakalerako eraikinaren barrualdetik atera, eta Groseko Secundino Esnaola kalera joan zinen duela hiru urte. Zer eman dizu auzoak?
Iritsi nintzenean auzoko jendea asko poztu zen. ‘Zer ondo! Liburu denda berria auzoan, horrela ez dut errioa gurutzatu behar!’ [barrez]. Auzoko jendearen babesa oso polita izan da, eta kalearena berarena ere bai. Ondoko dendekin egin ditugu azokak, egin ditugu gauzak, kezkak partekatu ditugu… Lan egiteko modua desberdina izan da, eta oso gertuko harremanak izan ditut.
Auzoa beste mundu bat da. Itxierarekin entzun dudan espresioa da «auzoko liburu denda bat da», eta uste dut oso hitz polita dela kate handi batetik desberdintzeko. Auzoko liburu denda da, eta auzoko jendea doan denda da. Beste herri eta auzoetako jendea ere etorri da, eta horrek ere ilusio handia egin dit. Eta, gero ere, hiriko liburu denda txikietan erosketak txandaka egiten dituzten bezeroak ere badaude. Batean bakarrik ez, denetan egiten dute gastua. Badago jende oso arduratsua.
Liburu denda astelehenean itxiko duzu?
Bihar festa txiki bat egingo dugu, eta azken eguna astelehena izango da. Ondoren, dena jaso eta denda hustuko dut.
Tobacco Daysen agurra dela eta, zein liburu konpartituko zenuke zure bezeroekin?
Irene Solaren Canto yo y la montaña baila liburua aukeratu dut. Orain dela bi urte kaleratu zuen Anagramak, eta nobela oso berezia iruditu zitzaidan; badu kasik errelato motzen egitura, eta nik gogoko ditut horiek. Liburu fantasiosoa da. Eta iruditzen zait fantasia pixka bat aldarrikatu behar dugula helduentzako. Gainera, nahiz eta niri nahiko liburu ilunak gustatu, ba, egia da hau nahiko alaia dela, eta irakurtzeak ematen duela lasaitasun eta bake mental pixka bat. Naturarekin harreman handia du, eta horrek ematen du lasaitasun bat.
Ines Garciak Haren eleberriari zor dio liburu dendaren izena. Tabakaleran ireki zuen liburu denda 2017an, eta izenburu honek keinu egiten zion tabako fabrika zaharrari, euskarazko eleberri baten izenari, eta gainera ingelesez ondo funtzionatzen zuen nazioarteko zentro baten barruan zegoen liburu denda batean. Eta erretzea debekatuta dagoen garaian ere, ukitu errebeldea zuela iruditu zitzaion.