Donostian bahitutako hiru urteko haurra Frantzian aurkitu dute
Urtarrilaren 29an Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean zen hiru urteko haurra bahitu zuten. Bilatzeko nazioarteko agindua eman zuten, eta Frantzian aurkitu dute. Onik dago adingabea, eta Frantziako gizarte zerbitzuen esku utzi dute. Ama eta bikotekidea atxilotu egin dituzte. Urtarrilaren amaieran, adingabea heldu batekin zihoala eraman zuen bere amak, bikotekidearen laguntzaz. Hori baino bi egun lehenago geratu zen aldundiaren tutoretzapean, «babesgabe» zegoela erabaki ostean.
Atzo, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak esan zuen bazekitela non zen haurra, baina ez zuen horretan gehiago sakondu —kasuaren sumarioa sekretupean da, epailearen aginduz—. Ertzaintzak berehala ekin zion haurra bilatzeari, eta berehala zabaldu zuten ikerketa Schengen eremura; haurraren ama biologikoa eta bikotekidea atzerrira joan zirela uste zuen erakundeak.