Hogei urte kantuz aldarrikatzen eta goxatzen
Duela bi hamarkada, itxi egin zuten 'Euskaldunon Egunkaria', eta horrek askotariko erantzunak piztu zituen Euskal Herrian. Donostian, herritar talde bat Bilintx liburu dendan elkartu eta kantujira sortu zuten, besteak beste, Itziar Zamoraren eta Rosi Garridoren eskutik. Ordutik, Parte Zaharra alaitzen dute hilero, eta bihar, kantujira berezia egingo dute.
Astelehenean beteko dira hogei urte Guardia Zibila Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera joan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi eta zuzendaritzako hainbat kide atxilotu eta torturatu zituztenetik, egunkaria ETAren tresna bat zela leporatuta. Urte hartan bertan sortu zuten Berria, eta zazpi urte geroago iritsiko zen absoluzioa, baina auziaren bidegabekeriak zalaparta eta haserre handia sortu zuen Euskal Herrian zein nazioartean.
Erantzunik argiena Donostian bertan izan zen, itxieraren aurkako manifestazio erraldoia egin baitzuten milaka lagunek, hirian inoiz egin den mobilizaziorik handienetakoa. Ordea, itxierari erantzuteko, egitasmo txikiago bat ere sortu zen Donostian, gaur egunera arte iraun duena: kantujira. Baionan eta Miarritzen bazeuden merkatuan kantatzen zuten taldeak, baina Donostiakoa izan zen alde batetik bestera mugituz abesten hasi zen lehenengoa. Sorrera horretan ibili ziren Itziar Zamora eta Rosi Garrido, besteak beste.
Ondo gogoratzen ditu egun haiek Zamorak: “Itxieraren aurrean, zerbait berezia egin nahi genuen euskal kantua jorratzen duen talde modura, ez soilik komunikatu bat. Euskaldunon Egunkaria-koak bost minutuko isilune bat egitekoak ziren, eta guk proposatu genuen isilunearen ondoren abesti bat kantatzea: Ez, ez dut nahi. Hori izan zen gure lehenengo abestia”. Egitasmoak harrera ona izan zuen, eta “egonkortzea” erabaki zuten, Garridok gogoratu duenez: “Jendeak esaten zigun, ‘zergatik ez gara maiztasun jakin batekin biltzen hasten?’. Hala egin genuen, gero eta jende gehiago animatzen joan zen, eta orain arte”.
Zamoraren esanetan, euskal egunkari bakarraren itxierak sortutako “amorrua” bideratzeko modu bat zen kantujira, eta oraindik ere bada: “Amorrua nabaritzen zen kantatzeko eran; nolabait, protestatzeko erabiltzen genuen kantua. Izan ere, elkarri kantatzeak eta entzuteak nahigabeko kohesio batera eramaten gaitu. Askotan, ezer esan gabe, abesten hasten zara, negarrez abesten ari den kide bat ikusten duzu, eta ez dago hitzik sentitzen duzuna azaltzeko. Baditugu hainbat abesti aldarrikatzaile, eta oraindik ere, abesten ditugunean jendeak izugarrizko indarrez abesten ditu, gaur egungo bidegabekeriak salatzeko”. “Ez, ez dugu nahi abesten dugunean, esaterako, energia berezia nabaritzen da”, gehitu du Garridok.
Hilero, hutsik egin gabe
Kantujira egonkortu egin zuten, eta, ordutik, hilero ibiltzen dira Parte Zaharreko kaleetan barrena kantuan, hilabeteko hirugarren larunbatean, 12:00etan. “Ez dugu galdu Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren garaiko amorrua, baina kantujira dagoeneko ez da soilik aldarrikapenerako tresna bat, talde sentitzeko modu bat da, eta, gainera, kalean. Hori altxor bat da, ez soilik ondo pasatzen dugulako, baita kultur ondare bat mantentzen ari garelako eta transmisio lana egiten ari garelako ere”, nabarmendu du Zamorak. Gainera, Donostiako auzo ugaritako herritarrez gain, Gipuzkoako hainbat herritako jendea ere etorri ohi da kantujirara: “Kantatzera datoz, eta egun pasa gelditzen dira. Markina-Xemeingo batzuk ere etortzen dira!”, dio Garridok.
Pandemian ere guztiz ez gelditzea lortu zutela gogorarazi dute kantujirakoek: “Lehenengo hilabete haiek pasatu zirenean, Plaza Berrian biltzen hasi ginen: biribilean jartzen ginen, distantziak mantenduz, eta han abesten genuen”. Hala ere, pandemiak eragina izan duela deitoratu du Garridok: “Nik uste dut jende askok galdu egin dituela pandemiaren aurretik zituen ohitura batzuk”.
20. urteurreneko kantujira
Biharkoa da otsaileko hirugarren larunbata, eta, horregatik, bihar ospatuko dute urteurrena (12:00etan Fermin Kalbeton kaleko Elkar liburu dendatik hasita), “modu xumean”, Zamoraren hitzetan: “Batzuk txapela jantzita eta beste batzuk egunkari paperarekin egindako txanoa jantzita aterako gara kantatzera, eta Euskaldunon Egunkaria-ren logoa itsatsita eramango dugu txapeletan eta txanoetan. Nolabait, gertatutakoa gogoratzeko, aldarrikapen modura. Bestalde, Mari Luz Estebanen idatzi bat irakurriko dugu kantujiran zehar. Inauteriak tarteko, lotsa gutxiago ematen digu txanoa edo txapela eramateak [barrez]”.
Gazteak erakarri nahi dituzte
Erronka argia dute kantujirako kideek: belaunaldien arteko erreleboa bermatzea. “Kantujira indarberritu nahi dugu. Izan ere, indar gutxirekin gabiltza, monotonian sartzen hasiak gara, eta ez dugu hori nahi. Horregatik, bilera bat egingo dugu laster, jarraitzeko gogoa dagoen ikusteko, proposamenak botatzeko, eta abar”, kontatu du Zamorak.
Bilera horretatik gazteak kantujirara erakartzeko ideiak ateratzea espero dute. Izan ere, noizean behin gazte batzuk joaten badira ere, gehiago behar dituztela aitortu dute: “Adinean gora goaz, jendea bidetik uzten joan gara, eta horrek kantujira gogor jo du”, dio Zamorak. Hala ere, itxaropentsu agertu da Garrido: “Ez datoz gurekin abestera, baina gazteek abestiak jakin badakizkite”. Eta, Zamorak gaineratu du kantujirara behin doanak errepikatu egiten duela: “Goxatzen dugu, ondo pasatzen dugu, eta probatzen duen jendeak errepikatu nahi du. Talde kohesionatua garelako, eta gure kultura eta ondarea aldarrikatzen dugulako, ondo pasatuz. Ez bagenu ondo pasatuko, nola beteko genituzke hogei urte?”.